Sopela: Zer egin Uribe Kostan?
Galdera korapilatsu honi erantzuten saiatuko dira datorren larunbatean, martxoak 9, zenbait hizlari Sopelako Kurtzio Kultur Etxean lan saio praktiko batean. 11:00etatik 13:00etara aurrera, gaurkotasun handiko hainbat gai aztertuko dira:
***Ingurumena eta hondakinen kudeaketa gaiaz Rakel Eluk hitz egingo du, Lea Artibaiko Mankomunitateko presidentea
***Turismoaz Iker Ruiz de Egino arituko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari ohia
***Etxebizitza politika arazoari, Karlos Renedo arkitektoak helduko dio eta
***Mugikortasuna, errepideak eta garraioaren egoeraz Zigor Eguzkitza (Bizkaiko Batzarkidea) eta Raul Mendez (EHBilduko mugikortasun arduraduna) arituko dira.
Lan saio hau Uribe-Kosta eskualdeko EH Bilduko taldeek antolatu dute ZER EGIN URIBE-KOSTAN? goiburupean: “Posible al da beste eskualde eta herri ereduak abian jartzea?, koordinatu gaitezke eredu berri hori martxan jartzeko?”
Add a comment
Sergio Polo: 20 urte
Sergio Polo preso sopeloztarrak 20 urte bete ditu espetxean. 20 urte hauetaz oroitzapena egiteko ekitaldia antolatu da Sopelako udaletxeko plazan datorren igandean, hilak 10, 13:00etan.
Ordu horretan omenalditxoa egingo zaie senideei, dantzariak egongo dira eta argazkia erraldoia aterako da Sergiori bidaltzeko. Ondoren trikipoteoa egongo da herri bazkariaren ordua izan arte, 15:00etan. (bazkarirako tiketa aurretiaz erosi behar da)
20 urteko urrunketa
Sergio Polo 1999ko martxoan atxilotu zuten eta ordutik zazpi kartzelatan izan da, denak Euskal Herritik urrun: Valdemoro eta Alcala (Madrilen), Texeiro (Galizian), Picassent (Alacanten), Kordoba eta Algeciras (Andaluzian) eta orain Herreran (Castilla La Manchan), Sopelatik 620 kilometrora.
Add a comment
Sopela: Catalunyarekin bat
“KONPONBIDEA, DEMOCRACIA, LLIBERTAT” elkarretaratzea
Otsailaren 12an hasiko da epaiketa Kataluniako buruzagi independentisten aurka eta data honekin bat eginez Sopelako Gure Esku Dago herri ekimenak elkarretaratzeko deia egin du “konponbidea, democracia, llibertat” goiburupean.
Elkarretaratzea datorren asteartean (hilak 12) izango da 19:30ean udaletxeko plazan.
Add a comment“Azken arnasa arte” eta “Amaren etxea” Sopelan
“Azken arnasa arte” filmaren proiekzioa eta “Amaren etxea” liburuaren aurkezpena izango da bihar, otsailak 8 (ostirala) Kurtzio Kultur Etxean 19:30ean Sopelako Sare eta Meñakoz Kultur Taldearen eskutik.
Filmaren proiekzioa eta liburuaren aurkezpenarekin batera Jokin Urain, Santi Labeaga eta Marian Abad lagunek hartuko dute parte.
Add a comment
Santa Ageda koplak Sopelan-Urduliz inguruan 1.981ean jasoak
Sopelako kaleetatik herriko talde ugari ibili dira Santa Ageda bezperako egun honetan, hain zuzen ere, argazkian, arratsaldeko 18:30ean talde guztiek batera egin duten saioa udaletxeko plazan ikus daiteke. Santa Ageda eguneko ohitura bizi-bizi dago Euskal Herrian eta oinarriak ondo finkaturik ditu Sopelan.
Ez da lehen aldia Sopela.net-ek aipatzen duela 1981ean Mikel Zaratek (Iker Mintegia; Labayru Ikastegia) argitaraturiko lana: bertan Sopelan eta Urduliz inguruan kantazen ziren hainbat kopla eta nola ospatzen zen jai hau laburbiltzen da.
Hona hemen lanaren zati batzuk:
Gaztetxoek lehenago Sopelan ere, beste herri askotan legez, Eguen Zuri egunez kantatzen eben, eta nagosiek Santa Ageda bezperan. Kantatzen joiazanak bakotxak makilla bana eroaten eben, basoan artu ta egiñikoak. Makillok San Blas zintekin ornatuta eroaten ebezan kopla-kantari joiazan gazte aldrak. Goizean eguna argitu baiño lehen asten ziran kantatzen (seirak-zazpirak inguruan), eta egun osoan jarraitzen eben illuntzera arte, zortzirak ingurura arte. Bazkaritzat bokadilloren bat edo beste ezerezkeriren bat bakarrik artzen eben. Danerik batzen eben: dirua, txorizoak, arrautzak, sagarrak... gero illuntzean afari-meriendatxo bat egiteko, eta gaiñerakoa bananduteko. Oitura zan Urdulizen, herriko lagun zahar batek batutakoaren errepartoak egitea afari ostean.
Etxe bakotxera joakeran, koplak kantatzeko jarraitzen eben araua hauxe zan gutxi gora-behera. Lehenengo agurrezko bertsoren bat. Gero bi edo hiru Santa Agedari eskeiñiak. Ondoren bertso bat etxeko jauna-ri; gero etxekandereari, ostean neskatxari, urrengo mutillari... edo baita etxeko besteren batzuei ere. Koplaren bat etxeko guztientzako ere kantatzen zan. Hori danori egin ondoren, sari-eske egiten ziran bertsoak, eta azkenez, agurrak, despedidak. Etxe bakotxean luzaroan egoten ziren kantariok, ogei minutu-edo. (Goizean goizetik gau berandura geratu barik kantatzen, eta Sopela herri naiko txikia zalarik). Asarreak ere egoten ei ziran sarritan: norbaitegaz ahaztu egin zirelako, zeri edo hari kantatu ez eutselako, edo dana dalakoagaitik, eta gehiago kantatuazoten eutsen.
Lana osorik irakurri ahal izateko eta koplak ezagutzeko sakatu: SANTA AGEDA KOPLAK SOPELANA-URDULIZ INGURUAN (euskonews.eus)
Sopela: Joku etxeen ustelkeria eta haien eragina
Igor Meltxor kazetaria Sopelara etorriko da joku etxeen ustelkeriaz eta haien eraginaz Euskal Herrian aritzeko. Solasaldia otsailaren 6an izango da, 19:00etan.
Igor Meltxor behin baino gehiagotan etorri da Sopelara “Gestion a la vasca” gaiaz aritzeko edo “Kazetari Kanaia” egitasmoa aurkezteko eta oraingo honetan Plaza Beltza Kulturguneren eskutik etorriko zaigu berriro.
Solasaldia, beraz, Plaza Beltzak dituen lokalean izango da Loiola Ander Deuna kaleko 40. atarian (Larrabasterran)
Add a commentSopelako EHBilduk 2019. urteko udal hauteskundeetarako zerrendaburua aurkeztu du
Asteburuan Sopelako EHBilduk 2019. urteko udal hauteskundeetako zerrendaburua aurkeztu du Kurtzio kultur etxean izandako ekitaldi jendetsu batean. Bertan Leire Pinedo legebiltzarkideak eta Meritxell Elgezabal Bizkaiko batzarkideak, erakunde bi hauen egoera eta une honetan eztabaida politikoan dauden gairik nagusienei errepaso egin zieten. Ostean, egungo EHBilduko zinegotziek Sopelako egoera aztertu zuten eta legealdi honetako lau urteak galdutzat eman daitezkeela adierazi zuten, “galduta Sopelarentzat eta galduta sopeloztarrontzat urte hauetan ez baita herriak dituen behar nagusienetan inolako erantzunik edo aurrerapausorik eman".
“Orain gure txanda da”: Unai del Burgo
“Orain gure txanda da” goiburupean Unai del Burgo Garcia, Sopelako EHBilduko zerrendaburua 2019ko udal hauteskundeetarako aurkeztu zen. Unaik Zuzenbide Ekonomikoa ikasi zuen Deustuko unibertsitatean, Enpresa Zientzien Diplomatura egin zuen EHU eta Enpresen Kudeaketa Ekonomiko-Finantzarioaren masterra egina du Universitat Oberta de Catalunyan. Une honetan irakaslea da: UEUn egiten du lan EHUko irakaskuntzarekin partekatuz, Historia Ekonomikoa irakasten du Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultatean.
Sopelan, Unai, Ander Deuna Ikastolan aritu da Artezkaritza Kontseiluan, Meñakoz Kultur Elkarteko kidea da, Jai batzordean hartu du parte, eta EHBilduko Sopelako Herrigintza Taldeko kidea izan da azken lau urteetan, hain zuzen ere, une honetan EHBilduko zinegotzia da.
“Sopela biziago bat nahi dugu: jasangarriagoa, sozialagoa, dinamikoagoa, partehartzaileagoa eta euskal gizartearen erronkekin konprometituta… Argi dago. Sopelak bultzada berri bat behar du. Gure txanda heldu da.” adierazi zuen Unaik.
Add a comment
Abian 2019ko Sopelako emakume txirrindulari taldea
Gaur, urtarrilak 25, Sopelako emakume txirrindulari taldea aurkeztu da: Andere Basterra, Iurani Blanco, Julia Casas, Isabel Ferreres, Amaia Malatsetxebarria, Sara Martín, Maria Martins, Alexandra Moreno, Mireia Muñoz, Ariadna Nevado, Elné Owen, Sofía Rodríguez, Ariadna Trias eta Mireia Trias txirrindulariek osatuko dute 2019 plantilla Francisco Plá entrenatzailaren ardurapean. Aurkezpena Kurtzio Kultur etxean egin da eta bertan hainbat elkartek, erakundek eta lagunek babesa eman diote taldeari.
2018. urtean izandako ibilbidea gogoratu ondoren (5000 kilometro baino gehiago eta 14 garaipen) 2019.ko erronkarik handienak aipatu dira: Espainiako eta Euskaldun kopak eta hainbat froga Frantzian, Belgikan… osotara 60 egunetan frogak eta horietariko 30 nazioarteko mailan.
Aurtengo babeslea: Telxius
Aurtengo babeslea iazko bera izango da: Telxius. Enpresa honek itsaso azpitik Sopela eta Estatu Batuetako Virginia hiria lotzen duen 6.600 kilometroko zuntza kudeatzen du.
Add a comment