Justizia Soziala
Bizkaiko egoitzetako langileen borroka Sopelan
Sopela, borrokaren lekukoa
Gaur, ekainak 3, Bizkaiko Egoitzetako eta Eguneko Zentroetako langileek haien borroka ekarri dute Sopelara Bizkaiko Nagusien II Eguna gure herrian ospatu dela baliatuz. Langile hauek urtebete baino gehiago daramate gatazka honetan murgildurik eta 130 egun baino gehiago greban Bizkaiko egoitzetako lan-duintasunaren eta arretaren kalitatearen alde.
Langileon eskakizunak: oinarrizkoak
Langileon aldarrikapenek Bizkaiko Gizarte Ekintzako Foru Diputatua den Isabel Sánchez Roblesen hitzaldia "estali" dute Sopelako udaletxeko plazan, eta berriro ere eskatzen dituzten lau puntu nagusiak gogorarazi dizkiete plazan bildutakoei: 35 orduko lanaldia, eta horrek lan-kargak eta arreta-kalitatea hobetuko ditu; pertsonal gehiago (ratioak hobetu), kontuan hartuz egoitza publikoetan pertsonal bikoitza dagoela, pribatuetan baino; 1.200 euroko soldatara iristea, txandaka eta jai-egunetan lan eginez; eta bajetan estaldura hobetu.
Arazoaren muina: emakumeak izatea
Langileok gatazka honek emakume-aurpegia duela salatu dute behin eta berriro “gure lana, zainketak, gutxi baloratua egotea, eta batzuetan ikusezina ere izatea, ez da txiripa hutsa. Erakundeek aho betean aldarrikatzen dute berdintasuna, parekotasuna, zuzentasuna, kontziliazioa... baina gero, egiaren orduan, demagogia baino ez dela ikusten da”.
Konponbidea Aldundiaren esku
Langileon ustez Bizkaiko Aldundiak du giltza gatazka luze honi amaiera emateko. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko egoitza-plazen %70 baino gehiago finantzatzen du, Diputazioak jartzen ditu lizitazio-baldintzak, berak markatzen ditu zerbitzua emateko oinarriak, berak -familiekin batera- ordaintzen du zerbitzua, berak -Eusko Jaurlaritzarekin batera- ezartzen ditu pertsonal/erabiltzaile ratioak… beraz “arduragabekeria galanta da Aldundia iheska ibiltzea, horregatik guztiagatik Unai Rementeria da - ahaldun nagusia denez- egoera honen erantzulea, eta exijitzen diogu akordio bat negoziatzeko".
Add a commentLan osasunaren nazioarteko eguna. Sopelak baditu gogoan.
Bihar, apirilaren 28an Lan osasunaren nazioarteko eguna da, eta Sopelako EHBilduk ekitaldi xumea deitu du Jauregizar plazako oroigarrian “lan istripuz hildako lagunak, beti gogoan” goiburuarekin. Datuak gogorrak dira oso: iaz 53 langile hil ziren lan istripuetan Euskal Herrian eta aurten, jadanik, 23 pertsonek galdu dute bizitza. Azkena, astelehen honetan, Zornotzan.
19:00etan lore eskaintza eta ohorezko dantza
Jauregizar plazako oroigarrian, 19:00etan lore eskaintza eta ohorezko dantza egingo da lan istripuetan hildako langile guztien omenez, eta aurten gogoan izango da bereziki, A.R.J. 24 urteko gaztea, Sopelako Mec Mec Pizzeria establezimenduko langilea zena, eta zirkulazio istripua izan zuena Gorlizen abenduaren 30ean banaketa egiten ari zenean. Aste bi oso egoera larrian egon ondoren, urtarrilean hil zen.
Jauregizar plazako oroigarria
2010. urtea latza izan zen Sopelan, hiru sopeloztar bizia galdu baitzuten lan istripuetan: Julio, Jesus Mari eta Luis. Bi urte beranduago, 2012an, langile hauen omenez EHBilduko alkatezak Juaregizar plazako monolito hau ezarri zuen.
Add a commentElkarretaratzea Sopelako udaltzainen komisaldegi aurrean
Gaur, hilak 23, elkarretaratzea egin da Sopelako udaltzainen komialdegiaren aurrean “bortizkeriarik ez; Sopelan beste eredu polizial baten alde” aldarrikapenarekin bat eginez. Herritar talde handi bat 19:00etatik 19:30era egon da bilduta komisaldegiaren aurrean eta bukatutakoan udaletxeko plazara abiatu dira. Elkarretaratzea zen bitartean inguruan nabaria izan da ertzainen autoen joan etorria.
Asteartea gertatua
Asteartean (hilak 21) Sopelako hainbat udaltzainek izan zuten “jarrera desproporzionatua” salatzeko deitu da kontzentrazio hau. Iturri ofizialaren arabera asteartean 19:30ak aldera, herriko supermerkatu batean lau gizon produktuak arropa barruan sartzen ari zirenean abisu bat jaso zuten Sopelako udaltzainek. Lau gizon hauetatik hiruk uko egin zioten identifikatzeari eta liskarra suertatu zen. Ondorioz lau agente mutuara jo dute “lesioak sendatzeko”.
Ez dago lapurketagatik salaketa
Lekuko askok ez diote inolako sinesgarritasunik ematen bertsio ofizial honi eta udaltzainen jarrera “guztiz desproportzionatua” izan dela diote, hain zuzen ere, aipagarria da atxilotuen aurkako salaketa autoriatateari erresistentzia egitea dela, eta ez "lapurketa"... bertsio ofiziala dionean "lapurtzen ari ziren bitartean deituak izan zirela udaltzainak". Gaurko elkarretaratzearen deitzaleen ustez, gertaera hau ez da ekintza isolatua, eta askotan udaltzainek Sopelan egiten dituzten identifikazioak eta jartzen dituzten kontrolak gehiegizkoak eta lekutik kanpokoak direla.
Atxiloketa unean bideo bat grabatu zuen lekuko batek eta oihartzun handia izan du sare sozialetan. Espero dugu “mozal legea” ez ezartzea artikulu honi bideoa argitaratzeagatik.
Add a commentSopelan, martxoaren amaieran 756 langabetu
Sopela.net-ek hiruhilero argitaratzen ditu langabeziaren datuak Sopelan; horrela, 2017. urteko lehen hiruhilabetearen amaieran, martxoaren 31n hain zuzen ere, gure herrian 756 langabetu zeuden.
Emakume eta adinekoak gehiago
756 langabetu hauetatik, 394 emakume eta 362 gizonak ziren. Adin tarteari dagokionez, 39 lagunek 25 urte baino gutxiago dute, 347 lagunak 25 eta 44 urte bitartekoak dira, eta azkenik 370 pertsonek dute 45 urte baino gehiago.
Kontratazioan prekarietatea nagusi
Argi dago kontratazioan prekarietatea nagusitzen dela; kontratazio mota aztertzen badugu, 2017ko martxoan 157 lan kontratu gauzatu dira Sopelan, eta horietatik 10 bakarrik behin betikoak izan dira eta aurretiaz zeuden behin behinekoen artean 6 bakarrik bihurtu dira behin betikoak; beste guztiak, alegia 141, behin behinekoak izan dira. Sektoreka aztertzen badugu, 104 kontratu zerbitzuetan izan dira; industrian 32, eraikuntzan 15 eta 6 lehen sektorean.
Langabetuen kopuruan hobekuntza gutxi.
2016. urtearen amaieran (abenduan) 769 langabetu zeuden Sopelan, urtarrilean 795 eta otsailean 786. Ikus daitekeenez gorabeherak egon arren, oso zenbaki (persona kopurua) egonkorra da langabeziarena gure herrian.
Add a commentMetroaren maiztasuna handitzeko sinadura bilketa
Metroaren maiztasuna handitzeko sinadura bilketa bati ekin zaio Change.org sare sozialaren bidez. Eskaera Bizkaiko Garraio Partzuergoari eginda dago orain arte beti uko egin diolako metroaren maiztasuna areagotzeari. IRAKURRI: hospital de urduliz, EL METRO NO AUMENTARÁ SUS SERVICIOS.
Sinadura bilketa honen bultzatzaileen ustez oraingo abaguneaz baliatu behar da: batetik bi urte pasa ondoren laster bukatuko direlako metroaren lurperatze lanak Urdulizen eta bestetik Ospitaleak sortzen duen trafikoa murrizteko.
Add a comment