Sopelan, PNVk eta PPk ezetza eman diete euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren aldaketei.

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Astelehena, 01 Iraila 2014 Argitaratua: Astelehena, 01 Iraila 2014

sopelan euskaraz biziSopelako udalean PNVk eta PPk ezetza eman zieten azken udal osoko bilkuran euskareren erabilera normalizatzeko plana gauzatzeko beharrezkoak diren aldaketei. EhBILDUk kudeatzen duen udal gobernuak tamalgarria deritzo jarrera honi, "horren ondorioz, bermatu gabe jarraituko baitu jendaurreko hainbat zerbitzu euskaraz ere eman ahal izatea".

Azken Udal Osoko Bilkurak erabaki behar zuen hainbat lanposturen hizkuntz eskakizunak aldatu eta beste hainbati derrigortasun data jartzea, EhBILDUk kudeatzen duen  udal gobernuak bideratutako proposamenaren arabera. Aldaketa horien helburua Udalean euskararen erabilera normalizatzeko 2013-2017 plana betetzea ahalbidetzea da. Euskara Planak, Udalbatzak berak orain dela  urte bat (2013ko irailaren 24an) onartu zuenak, hainbat lanpostuk duten hizkuntza eskakizuna egokitzearen beharra aurreikusten zuen, orain arte jarritako eskakizunak ez baitu bermatzen lanpostu horiek esleituta dituzten eginkizunak betetzeko behar den euskararen ezagutza maila. Aldaketa horietariko batzuk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak berak eskatutakoak dira, hala nola, Kulturako teknikariei eta Udaltzain-buruari 3. Hizkuntza Eskakizuna jartzea, egun 2. dutelarik. Planak, halaber, eskolako atezainen hizkuntza eskakizuna 2.a izatea aurreikusten du, beste hainbat Udaletan bezala, egun 1. hizkuntza eskakizuna baino ez dutelarik.

Bestalde, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, orain arte euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez duten hainbat lanposturi derrigortasuna jartzearen beharra aurreikusten zuen planak, hala nola, herritarren arretarako zerbitzuko bi lanposturi, liburutegiko biri, administrari bati, administrazio orokorreko teknikari bati eta hirigintza eta lan eta zerbitzuetako arloko bi teknikariri, guztiek ere herritarrekin harreman zuzenak dituztenak eta Udalean bideratzen diren prozesu administratiboetan ere kokapen erabakigarria dutenak.

Halaber, Udalak lanpostu horietan dauden langileek, batzuk euskaldunak edo ia euskaldunak izan arren, behar duten prestakuntza eta ikastaroak antolatzeko zailtasun handiagoak izango ditu. Langile horiek betetzen dituzten lanpostuetan euskara beharrezkoa ez izanik, HAEE-IVAPek antolatzen dituen ikastaroetan eta Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzetan langile horiek ez dutelako lehentasunik izango.

Udaletxean euskaraz normaltasunez aritzeko beharreko ziren aldaketa hauei EAJren 7 zinegotziek eta PPren zinegotzi bakarrak aurkako bozka eman zieten.  PSEren bi zinegotziek abstentziora jo zuten eta EhBILDUren zazpi botoek ezin izan zuten aurrera atera beharrezkoak ziren aldaketa hauek. Lanpostuen zerrendaren aldaketarik gabe, Udalak bermatu gabe jarraituko du euskararen erabilera normalizatzeko kritikoak diren lanpostu horietan langile euskaldunak egotea, nahiz eta horietariko lanpostu batzuetan, egun, langile euskaldunak edo ia euskaldunak egotea suertatu den, derrigorrezkoa izan ez arren.

 

 

Bisitak: 1368
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu