V. Mapa Soziolinguistikoa argitaratu da. Sopelako datuak

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Azteazkena, 09 Apirila 2014 Argitaratua: Azteazkena, 09 Apirila 2014

eustatAraba, Bizkaia eta Gipuzkoako V. Mapa Soziolinguistikoa argitaratu da egun hauetan 2011ko datuetan oinarrituz.

Mapa honek azalarazten dituen datuez eta errealitateaz hausnarketa asko egin daitezke eta egin behar dira; guk Sopelako datuak argitaratzen ditugu “Eustat-Udalmap” delakoan oinarrituz.

Euskaldunak: %41,82
Sopelan badago euskaraz hitz egiteko gai den biztanle kopuru handia, %41,82 euskalduna da, alegia, 4.928 sopeloztar eta gainera gehienak alfabetatuak (4.017).

Ia-euskaldunak: %32,82
3.864 sopeloztar “ia-euskaldunak” dira. “Ia-euskaldun” zer den zehaztea ez da erraza; baina Sopelako %32,82a kokatzen da talde honetan. Ez dugu jakingo oso ondo talde honen euskara maila nolakoa den, baina ondorio bat argi dago: euskaldun eta ia-euskaldunen baturak (%41,82 + %32,82) argi uzten du 4 sopeloztarretatik hiruk, %76,64a alegia, euskarazko oinarrizko maila badutela, beraz inolako zalantzarik gabe esan daiteke oinarrizko gaitasuna badagoela euskaraz aritzeko oinarrizko elkarrizketetan. Erdaldunak, 2.977 pertsona dira, %25,30

Ama hizkuntza euskara: %14, eta ama hizkuntza euskara eta erdara batera: % 9,5
1.652 sopeloztarrek dute euskara ama hizkuntza bezala eta beste 1.119 herritarrek euskara eta gaztelera izan dute ama hizkuntza. Datu hauek adierazten dute Sopeloztar asko euskaldunak direla, baina hauetariko askoren ama-hizkuntza ez dela euskara. Ondorioa argia da, lagun askok euskara ikasi dute, euskararen aldeko jarrera nabarmena dute eta gai dira euskaraz egiteko, baina zailtasun handiak daude hizkuntza ohiturak aldatzeko: txikitandik sortutako erdal ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, askotan ez dakigu aurrean dugun auzokidea euskara dakien ala ez...

Erabilpena
Eustatek ez du datu ematen, baina ez da sekulako azterketa soziologikoa egin behar jabetzeko Sopelako kaleetan entzuten diren elkarrizketa gehienak erdaraz direla; alegia, alde handia dagoela ezagutza eta erabilpenaren artean.

%10,23 etxean erabiltzen du nagusiki euskara eta %11,58 erabiltzen ditu biak.
Kalean ez ezik, familia giroan ere, euskara gutxiago erabiltzen da gaztelaniaz baino.

%2,6, beste ama hizkuntza
Agian estatistikoki datua ez da esanguratsua, baina kontuan hartzekoa bada, askotan oharkabean pasatzen delako: 306 sopeloztarrek (%2,6) badute beste ama-hizkuntza euskara eta gaztelera ez dena, eta %1,68 etxean beste hizkuntza bat erabiltzen dute (198 lagun).

Mapa soziolinguistikoak emandako datuak inportanteak dira oso... instituzioek, norbanakook, enpresak, merkataritzak, zerbitzuek, eragile sozialek… hausnarketa sakona egin beharko dute eta euskararen aldeko ekimen ausartuagoak eta eraginkorragoak hartu. Sopelan kokatuz ondorioa argia: Sopelan badago aukera ederra euskararen erabilpena askoz gehiago sustatzeko eta horretan guztion esku hartzea beharrezkoa da, batetik dakigunok gehiago erabiliz eta, bestetik, ez dakigunei noizbait - zerbait eskatu beharko zaie…

Bisitak: 1623
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu