Euskara

Ahatetxo itsusia… barkatu “Karteltxo itsusiaren ipuina" esan nahi nuen.

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Osteguna, 12 Abendua 2019 Argitaratua: Osteguna, 12 Abendua 2019

kartel itsusiaBazen behin, Sopelako kaleetan kartel bat, itsusi-itsusia bera. Kartela euskaraz eta gazteleraz zegoen idatzita, baina euskarazko testua ulertezina zen. Euskaldunok, zur eta lur, irakurtzen saiatzen ziren eta harrituta edo haserre zera komentatzen zuten haien artean: “hau ulertezina da” “bai euskara traketsa” “zabarkeri halakorik” …

Kartela Sopelako Udalak sinatzen zuen eta “ez, ez da ulertezina, ez da traketsa, ez da zabarkeria, kartela onartezina da” erabaki zuen azkenean irakurleetariko batek eta sare sozialen bidez salaketa egin zuen (baten batek ez badaki, argituko dugu euskaldunok euskaraz irakurtzen dugula eta modernoak garela, sare sozialak ere erabiltzen baititugu)

“Hara!” sare sozialetan argitaratu bezain laster, denetariko iritziak plazaratu ziren. Gehienak bat zetozen kartelaren euskara maila iraina zela euskaldunontzat eta horrelakorik ez zela inoiz gazteleraz idatziko; baina Udaletxeko defendatzaile batzuek zalantzan jarri zuten kartela “Sopelako udalak ezin du hau bezalako kartelik idatzi”… “kartela edonork ipini du Udalari kalte egiteko”. Euskarak defendatzaileak omen ditu, baita Udalaren Gobernuan dagoen alderdiak ere babesle sutsuak ditu.

Zenbait “aldeko eta kontrako emotikono” batzuen ostean dena argitu zen. Kartel itsusia bene-benetakoa zen, eta kartelean azaltzen zen obraren enpresa-arduradunak aitortu zuen beraiek jarri zutela kartela eta beraiek erabili zutela udalaren zigilua lanak udalak kudeatzen zituelako.

kartel ederraEnpresak barkamena eskatu zuen sare sozialen bidez eta konponduko zuela esan zuen... Udalaren arduradunen berri publikorik ez dugu; herritarrek salatu baino lehen, ez al zuten haiek zaindu behar udalaren zigilua daraman kartel publiko bat?… baina “ez dago gatzik on ez dakarrenik” eta handik oso egun gutxira kartel itsusia kartel eder bihurtu zen (ahatetxo itsusia bezalaxe) eta euskara ulergarri eta dotorean jarri zuen enpresak.

Eta holan ez bazan sar dadila kalabazan eta irten dadila Sopelako plazan…

Oharra: Eskerrik asko eta zorionak enpresari akatsa onartzeagatik eta konpontzeagatik.

Add a comment

Euskararen eguneko ekitaldiak Sopelan

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Larunbata, 30 Azaroa 2019 Argitaratua: Larunbata, 30 Azaroa 2019

Sopela euskararen astea

Abenduaren 3ko Euskararen Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatudira Sopelan:

Azaroaren 29an, 20:00etan Kurtzio Kultur Etxean, Xabi Aburruzaga diska berria aurkeztuko du: “Bost”

Azaroaren 30ean, 19:00eta Urepel abesbatzaren kontzertua Kurtzion

Abenduaren 1ean, 12:00etatik aurrera bertso gira herriko kaleetatik Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariekin eta Kulunkan taldearen musikarekin.

Abenduaren 1ean, 20:00etan “Zaldi Urdina” antzerkia Kurtzio Kultur Etxean

Abenduaren 3an, mintzodromoa 18:30ean Kurtzion eta leku berean, 20:00etan,  bertso saio musikatua Miren Amuriza, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria bertsolariekin.

Honez gain zenbait ekitaldi bideratuko dira Zipiriñe, Iberre eta Ander Deuna ikastetxeetako haur eta gazteentzat.

Add a comment

Sopela: larunbatean, 26. Esaera Zaharren Txapelketa

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Azteazkena, 01 Maiatza 2019 Argitaratua: Azteazkena, 01 Maiatza 2019

Sopela esaera zaharrak

Larunbatean, maiatzak 4, Sopelak, berriro ere, bat egingo du euskararekin, bertsolaritzarekin, esaera zaharrekin eta umore onarekin. Aurten Sopelako Esaera Zaharren 26. edizioa izango da eta Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, eta ALBEko kideek hartuko dute parte.

Goizez, herriko kaleetatik hainbat taldek asmatuko beharko dituzte bertsolariek bertsotan “adierazi” duten esaera zaharra. Eguerdian herri bazkaria egingo da Ander Deuna Ikastolan eta arratsaldean talde irabazleen arteko finala.

Lehia bai, baina batez ere, euskara eta umore ona elkartuko dira Sopelan Uribe Kostako AEK-k antolatutako egun honetan. 

Add a comment

Sopela eta Uribe Kosta osoan… II Euskaraldia abian

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Azteazkena, 20 Azaroa 2019 Argitaratua: Azteazkena, 20 Azaroa 2019

Sopela II. Euskaraldia

 

 

Euskaraldiaren II. edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte izango da eta urte oso bat falta bada ere, apurka-apurka badoaz herrietako batzordeak osatzen.

Sopela eta Uribe Kosta abian

Herrietan batzordeak osatzeko Euskaltzaleen Topaguneak eta Uribe Kostako Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean 2020ko Euskaraldia, asteazkenean, aurkeztuko da azaroaren 27an, 18:30ean Sopelako Kurtzio Kultur Etxean aurkezpen-hitzaldia baten bitartez.

Parte hartzea irekia da, eta Uribe Kosta Mankomunitateko herritar guztiei dei egiten zaie parte hartzeko guztion gogoetak, zalantzak, ekarpenak konpartitzeko.

Add a comment

Korrika: Sopelatik Gasteiza autobusez joateko aukera

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Osteguna, 11 Apirila 2019 Argitaratua: Osteguna, 11 Apirila 2019

Korrika Sopelan

Argazkia HIRUKArena da. Merezi du ikustea HIRUKAk duen argazki bilduma. Eskerrik asko.

 

Sekulako jendetza bildu zen atzo Sopelako kaleetan KORRIKArekin bat egiteko eta “Sopelan ere euskararen alde” aldarrikatzeko.

Milaka sopeloztarrekin bat egin zuten Sopelako kultur eta kirol elkarteek, alderdi politikoek, ikastetxeek, merkatariek… (EAJ, Kurene, Merkatariak, Mara Mara, Igerilekua, Meñakoz, Senideak, EHBILDU, Zipiriñe eta IGE, Iberre, Ander Deuna, Udala eta Ugeraga) jai giroa sortuz.

Autobusa Gasteizera

KORRIKA Sopelatik pasa da, baina bideak aurrera darrai. Hori dela eta, aukera izango da igandean, hilak 14, Gasteizeraino joateko eta Korrikaren amaiera jaialdiarekin bat egiteko. Horretarako autobusa antolatu da eskualdean: irteera Gorlizko jentilbason (AEKn) izango da 09:00etan eta ondoren geldiketa egingo du Sopelako elizaren aurrean.

Itzulia 20:00etan izango da eta izena AEK euskaltegietan eman daiteke, salneurria 10 euro da.

 

Add a comment

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu