Sopela eta Uribe Kosta ere ZUTIK!

Kategoria gurasoa: Euskal Herria Kategoria: Euskal Herria Noiz sortua: Igandea, 16 Maiatza 2010 Argitaratua: Igandea, 16 Maiatza 2010

 Igande honetan, maiatzaren 16an, Uribe Kostako Ezker Abertzaleak agerraldi jendetsua egin du Sopelako pilotalekuan. Ezker Abertzalearen 200 kide elkartu dira azken hilabetetan garatu duten eztabaidatik atera diren ondorioekin bat egiteko eta ondorio horiek gauzatzeko bidean emandako urratsei haien atxikimendua emateko. Hauek dira ekitaldian grabatu dituzten bideoak.

{youtube}Or3o90m4zHw{/youtube}

{youtube}uKPvdRwe7-U{/youtube}

Agerraldia Sopelako zinegotzi independentista den Wilik aurkeztu du eta ondoren Goio kide historikoak eta Garazi kide gazteak "Uribe Kosta ere Zutik!" adierazpena erderaz eta euskaraz irakurri dute.

Adierazpen honekin Uribe Kostako Ezker Abertzalearen kideek "eztabaida honetatik atera berri ditugun ondorioekin eta gauzatzen ari garen bidearekin bat egiten dugu. Herri honen borroka luzearen fase berri batean sartzen ari gara. Ez da ezeren amaiera, iniziatiba politikoa berreskuratzeko hautuaren eskutik askatasunerantz doan bide berri baten hasiera baizik" esan dute.

Azken urrats hauekin denbora politiko berri bat zabaldu nahi dutela azaldu dute eta hori dela eta "gure herrietan denbora berri hau gaurdanik martxan ipintzeko hautua egiten dugu eta gure herrietako jendarteari eta ezkerreko independentista guztioi deia egiten diegu ilusioz bide berri honetan indar guztiak aska ditzagun, gure sormena ahalmen guztia dantzan ipin dezagun eta ezkerreko proiektu independentista errealitate politikoaren eta sozialaren erdian koka dezagun" konpromiso berretsi dute.

Estatuaren jarreraren inguruan argi utzi dute  ez daudela "prest Estatuek markatutako blokeoaren anabasan gelditzeko. Erabaki honekin gure esku dauden baldintzak sortuko ditugu ezberdinen arteko elkarlana eta dinamika berriak ahalbideratzeko."

Ezker Abertzalearen oinarriek hartu duten erabakia oso garrantzitsua dela aitortu dute eta hori dela eta "maiatzean zehar Zutik Euskal Herria adierazpenaren sozializazio kanpaina burutzen ari gara. Jendeak apustuaren tamaina jakin behar duelako. Komunikabideek ezkutatu nahi duten ekimen estrategiko hau lau haizeetara zabaltzeko. Herri aktibazioaren apologia egiteko." Lan hori dagoeneko egiten ari dira eta amaiera emateko egun osoko ekitaldi baterako deia egin dute.

Ekitaldia datorren ekainaren 6an izango da. Lekua Erromo Itzubaltzeta izango da eta aurreratu duten egitaraua hauxe da: 13etan ekitaldi politikoa. 15:00etan Herri Bazkaria, euskal kantak eta erromeria.

 Amaitzeko Nelson Mandelaren hitz batzuk irakurri dituzte: "Ez dugu bidaiaren azken urratsa eman, baina bai aldiz luzea eta zaila izango den bidaiaren lehen urratsa.”

Bisitak: 3409
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu