Sopela: “Moduz Vivendi” hotela izatetik luxuzko etxebizitzak izatera?

Hoteletik luxuzko etxebizitzetara?

Bihar (azaroak 25) egingo den udal osoko bilkuran “Modus Vivendi” hotela luxuzko etxebizitza bihurtzeko aukeraz eztabaidatuko da. Zehazki, hirigintza arloan eman beharreko lehen urratsa mahairatuko da hotela kokatuta dagoen lurzoruaren erabilera aldatu ahal izateko: gaur egun lurzoru hori zerbitzuetarako da eta eskatzen da bizitegi-lurzorua bihurtzea.

“Diru-jana”, “Hirigintza-pilotakada” posiblea eta sei lanposturen galera

EHBilduk “diru-jana”(hirigintza-pilotakada) gisa baloratu du aukera hori, jabeek sekulako onura ekonomikoak lor baititzakete espekulazio hutsezko jarduera honen bidez etxebizitzek, bai erosketan bai alokairuan, lortzen dituzten prezio altuak aprobetxatuz. EHBilduk jakinarazi du ez duela babestuko erabaki hau Sopelarentzat negatiboa delako “hotelak bisitariak eta turistak erakartzen dituen negozioa da eta tokiko beste saltoki batzuetarako traktorea izan daiteke”. Honekin batera, koalizio abertzaleak salatu du hoteleko itxierak sei langileren enpleguen galera ekar dezakeela.

EHBilduk lurzoru kalifikazio horren aldaketa ez babesteko eskatu die EAJ eta PSEri. Alderdi hauek etengabe nabarmentzen ari dira Sopelak turismoa erakartzeko dituen ontasunak: hondartzak, surfa, naturako jarduerak, eta hori dela udalerriko “industria nagusia”. Lurzoruaren erabilera aldatzeko aukera emateak bideratzen du turismo industria hori garatzeko behar den negozio garrantzitsuenetako bat betirako desagertzea.

425 Ikustaldiak
Partekatu: