Sopela: Orain Eusko Jaurlaritzak dio Abaroko etxebizitzen % 100 Babes Ofizialeko Etxeak izan behar direla.

Abarok geldirik jarraitzen du: Eusko Jaurlaritzak eman du azken berria Etxebizitza Sailaren bitartez: ezin dira aldatu babes ofizialeko etxebizitzen portzentajeak, eta Abaroko eraikuntzen % 100 BOE izan behar dira.

Berriro ere 1999ra

Erabaki honen bidez baliorik gabe geratzen da udalaren proposamena ez ezik, 2012an hitzartutako akordioa ere. Hitzarmen hori lur saileko jabeek, Sopelako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostu zuten Abaroko etxeen %75 babes ofizialekoak izan zitezen. Hitzarmen horrek bazuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzako Sailburuaren babesa: Iñaki Arriolaren sinadura hain zuzen ere. (gaur egun oraindik ere Sailburua da). Eusko Jaurlaritzaren oraingo ebazpenaren bidez hasierako egoerara itzuli da Abaro, 1999ra.

Abaro: amaierarik gabeko historia 

Ezaguna da Sopelako Arau Subsidiarioak (AASS) 1999an argitaratu zirela herriaren hirigintza-garapena diseinatuz, eta garai hartako legearen arabera eraiki behar ziren babes publikoko etxebizitza (BOE) ia guztiak sektore bakar batean egokitu zirela: Abaroko lurren %100 BOE eraikitzeko zen, 520 etxebizitza. Erabaki horrek ondorio argiak izan ditu herriko hirigintza garapenean: (1) gainerako lursailak txaletekin eta adosatuekin osatu dira; (2) Abaro geldirik dago, baldintza horietan lursailen jabeei ez zaielako eraikitzea interesatzen, eta (3) sopeloztarrok ia ez dugu BOErik. Zenbait alderdik EZ bozkatu zieten Arau Subsidiarioei, baina gutxiengoa ziren eta EAJ gehiengoa.

13 urte geroago, konponbide-saiakera bat: babes ofizialeko etxebizitzen % 75

2011-2015 legegintzaldian ez ohiko egoera suertatu zen: Sopelako Udala EHBilduren esku zegoen, eta Eusko Jaurlaritzan PSOE; horrela 2012an hiru aldeko akordioa lortu zen jabeen, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Negoziatu, sinatu eta BAOn jaso zen (1) Abaroko lursailen aldez aurreko lagapena Iberreko institutua handitzeko, (2) babes ofizialeko etxebizitzen % 75 eta etxebizitza libreen % 25 eraikitzeko, eta (3) eraiki gabeko BOEen % 25 hori Sopelako beste eremu batzuetara lekualdatu behar zirela. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, esan bezala, Iñaki Arriola sailburuak sinatu zuen.

Aurrerapenak

Etxeen %25 hori beste gune batera lekualdatzeko 6 hilabeteko epean hasi behar zen Hiri Antolaketako Arauen berrikuspena (HAPO berria) eta helburu hori lortzeko bidean 2013an udalbatzak erabaki zuen “Sopelanako udalerrian indarrean dauden Arau Subsidiarioen berrikuspen-lanak hastea”, eta Hirigintza Aholku Batzordea eta haren erregulazioa adostu ziren, ezinbesteko urratsak HAPO berri bati ekiteko; 2014an HAPOren esleipen pleguak publikoak egin ziren, eta 2015erako behin betiko esleipena egin zitzaion enpresa bati.

Zailtasunak

Aurrerapen horiek guztiak errotik moztu ziren 2015eko uztailean HAPOren esleipenean bigarren postuan geratu zen enpresak emaitza hori inpugnatu eta Udalaren aurka egin zuenean. Erabaki hori errekurritu zitekeen, baina garai hartan EAJ zegoen berriz ere alkatetzan (Gontzal Hermosilla) eta ez zuen egin: enpresa irabazleari kalte-ordaina eman zion eta prozesua geldiarazi zuen. Errekurtsoa aurkeztea ala ez eztabaidagarria izan daiteke juridikoki; baina onartezina da legegintzaldi oso bat galtzea, HAPOrako aurrekontu-partida bera ere desagerrarazi zuen eta. Gaitasunik eza edo interesik eza?

Saiakera berria 2020an

2020an berriro ere ekin zitzaion gaiari EAJ, PSE eta EHBilduren arteko aurrekontu-akordioaren bidez atal esanguratsu bat sinatuz: BOEak eta alokairua sustatu eta Abaro sektorearen garapena bultzatuko duen HAPO bat idazteko konpromisoa. Horrela, 2020ko irailean, Abaroko Plan Partzialaren hasierako onarpena egin eta alegazioak aurkezteko epea ireki zen, BAINA DB-TUk aurkeztutako horietako batek Abaroko BOEak % 100 izatea eskatzen du, 1999ko AASSen arabera. Egin beharreko kontsulta egin dira eta E.J.ren erantzuna argia izan da: 2012ko akordioa (%75 BOE- %25 libreak) iraungi egin da: 390 BOEak gelditu dira eta ez da aldez aurretik laga lursaila institutua handitzeko.

Eta oraindik aurrera?

Teorian, jabeen, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordio berria lor liteke, baina ba al dago horretarako borondaterik? eta noizko?. Hori gutxi balitz, arkitektoen elkargoak beste alegazio bat aurkeztu du, eta pleguak berriro esleitu behar dira. Berriro ere beste 4 urtez geldituko dira? Ba al dago aurrera egiteko borondaterik? Izango al ditu Sopelak BOE gehiago edo blokeatuta egongo dira? Institutua handitzeko lurrak lagako dira edo gure gazteek herritik kanpora irteten jarraituko dute? (W.)

262 Ikustaldiak
Partekatu: