Uribe Kostatik ezin da joan bizikletaz Glasgowra. Gogoan al dugu Bizimeta?

Glasgown

Glasgown “2021eko klimaren gailurra” egiten ari da, eta mende honen erdialdean zero emisio lortzea da erronkarik nagusiena; horretarako hitzarmenak lotu behar dituzte ikatza bertan behera uzteko, auto elektrikoak sustatzeko, baso guneak babesteko eta metano eta CO2 emisioak murrizteko…

EITBtik bai, Uribe kostatik ez

Egunero, EITBk “esaten” digu hiru kazetari bizikletaz eta trenez joaten ari direla EITBren Bilboko egoitzatik Glasgowraino helburu horiekin bat eginez, baina gure herritik, Uribe Kostatik ezin da bizikletaz Glasgowra joan, ez behintzat, bizikleta publikoan.

Bizimeta

Orain dela bi urte Uribe Kostako Mankomunitateak bizikletak alokatzeko “Bizimeta” zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen. Argumentuak aski ezagunak dira: “erabiltzaile gutxi, mantenu koste handia…”

Garraiobide osasuntsu eta ekologiko baten aldeko apustua gastu gisa ulertzen zen, ez inbertsio gisa, ez etorkizuneko inbertsio gisa.

Bizimeta proiektu ia aitzindaria izan zen, gero beste udalerri askotan zabaldu dena. 2009an jarri zen martxan; baina zoritxarrez, 12 urte hauetan ez da nabarmen handitu bidegorrien sarea erabiltzaileei erraztasunak eta segurtasuna emateko, eta ez da bizikletaren erabilera sustatzeko kanpainarik egin.

Sopelako Udalaren web orrian Bizimetaren zerbitzua eten zenean, honako hau idatzi zen hitzez hitz: “Mugikortasun jasangarriak mankomunitatearen ildo nagusietako bat izaten jarraituko du datozen urteetan. Helburu horrekin, gure eskualdean ibilgailu motordunen ordezko garraiobideak sustatzeko planak eta ekintzak jarriko ditugu martxan 2020an… gure eskualdean mugikortasuna iraunkorragoa izan dadin”. Hitz politak, horretan geratu zirenak, hitz hutsak.

no more bla bla bla”… «bla bla bla gehiagorik ez»

Ulertzekoa da Glasgown mugimendu ekologistek egindako oihua: “no more bla bla bla”. Uribe Kostan ere antzeko slogana oihukatu ahal izango genuke «bla bla bla gehiagorik ez» erabakiak ez direlako “berez sortzen”, norbaitek hartzen ditu eta Bizimetaren zerbitzua eteteko erabakia Uribe Kostako Mankomunitatean EAJko arduradunek hartu zuten gaia ez baitzen Mankomunitateko plenarioan eztabaidatu. (W.)

505 Ikustaldiak
Partekatu: