Urko

Kiribile: Sopelako ondare natural eta historiko-kulturala kontserbatu eta hobetu

“KIRIBILE Sopelako Eraztun Berdearen aldeko Elkartea” eratu berri da Sopelan eta bere helburu nagusia Sopelako ondare natural eta historiko-kulturala kontserbatzea eta hobetzea da, herritarren ezagutza eta gozamena bultzatuz. Elkartea ingurumenarekin lotutako interesak dituzten eta udalerria inguratzen duen ingurune naturala zaintzeko beharra duten herritar talde batek osatzen du.

KIRIBILek Sopelako natura-aberastasuna eta biodibertsitatea ezagutzea eta erregistratzea sustatu nahi du (landaredia, flora, zuhaitzak, hegazti-fauna, urlehortarrak eta, oro har, gainerako fauna), eta ezagutzaren bidez balioa eman eta hura babesteko eta garatzeko neurriak har daitezen bultzatuz. KIRIBILek Euskal Herrian jada eratuta dauden erakunde eta elkarteek gai hauen inguruan darabilten lankidetza eta aholkularitza zientifikoa bilatuko du.

Eraztun berdearen proposamena

KIRIBILek Eraztun Berdea ezartzea proposatu du Sopelako perimetro naturalaren barruan, eta jardun hau erakundeen, eragileen eta herritarren artean partekatutako akordio estrategiko batetik abiatuko litzateke. Babes naturaleko perimetro bat ezarri nahi da hiri-aurrerapenaren aurrean eta aplikatu beharreko hirigintza-araudian jaso, bizi-kalitate handiagoa eta aukera jasangarri berriak lortzeko.

Zuhaitz autoktonoen eremuak berreskuratu, oraindik ere badirauten eremu txikiak babestu eta ibaiak lehenarazi. Eraztun Berdean Sopelako ondare historikoa eta kulturala, baserriak, errotak, kostaldeko flysch-a, erabilera publikoko bideak, aztarna arkeologikoak eta abar sartu. Gure herritik igarotzen diren hegaztiei Sopelan atseden hartzea eta hobeto ezagutzea ahalbidetuko dieten esku-hartzeak planteatzen dira. Gauza bera gertatzen da gainerako faunekin ere, hala nola narrastiekin, intsektuekin, ugaztunekin eta bizi diren beste espezie batzuekin.

Zergatik Kiribile izena?

Kiribilek “espirala” esan nahi du eta Sopelako euskaran KIRIBILE esaten da. Kiribila ez da eraztun itxi bat, egindako Eraztun Berdearen proposamena bezalaxe, bere exekuzioa komunitatearen lankidetzarako irekia baitago. KIRIBILEk, hain zuzen ere, bilerak eta elkarlana sustatu nahi ditu herriko eragileekin, instituzioekin eta alderdi politikoekin helburuak eta ekinbideak partekatzeko.

Elkartea uda honen hasieran legalki eratu zenetik, Eraztun Berdearen proiektuari buruzko lehen aurkezpenak egin ditu; eraztunarekin bateragarria izan dadin Abaroko urbanizazio-proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio; Artadiko basoa garbitzeko eskaera egin dio Udalari eta jadanik lehenengo hartu-emanak izan ditu hainbat eragilerekin.

Elkartearekin harremanetan jartzeko

Kiribile irekita dago helburu hauek lortzen lagundu nahi duten pertsona guztientzat, eta informazio gehiago lortzeko edota Elkartearekin harremanetan jartzeko, hauxe da une honetan erabilgarri dagoen bidea: kiribilesopela@gmail.com

Argazkian: Urko hezegunea orain dela urte batzuk berreskuratu zen

169 Ikustaldiak
Partekatu: