Zerbait mugitzen ari da Larrabasterran

Larrabasterrari buruzko proposamen interesgarriak

Uztaila garai txarra da zenbait gai lantzeko: opor hilabetea da eta bizilagun askok egunerokotasunetik “ihes” egiten dute. Hala eta guztiz ere, orain amaitzen den hilabete honetan Larrabasterrari buruzko proposamen interesgarriak agertu dira Sopelako Udal Gobernu Taldeak eta oposizioko lehen indarra den EHBilduk sinatuta.

Bere proposamena argitaratu zuen lehena EHBildu izan zen: ekainaren amaieran aldizkari bat postontzietan banatu zuen Larrabasterrarako hainbat proiektu aurkeztuz eta auzotarren bilera deituz uztailaren 19rako haien azalpena emateko. Ia jarraian, udalak triptiko bat banatu zuen Larrabasterran izan den trafikoaren gorakadari eman beharreko irtenbideetan oinarrituta, eta parte-hartze prozesu bat antolatu zuen uztailaren 16rako eta 17rako. Agerturiko hurrenkeran…

EHBilduren aldizkaria eta proiektuak

EHBilduk ekarpenak egiten ditu Larrabasterra biziberritzeko eta hainbat arlo jorratzen ditu auzoaren osotasunean. Postontzietan banatutako aldizkarian ikus daitezke ekarpen zehatzak, eta hemen duzue esteka (ikusi aldizkaria).

Proposamen orokorra da Larrabasterrarentzat, eta beste atal batzuen artean, Urgitxietako plazaren bilgune eta aisialdirako gune izaera indartu nahi da espazio estali baten bidez eta Uribe Kostako Mankomunitateko lokaletako bizilagunentzat kultur ekipamendu gisa aprobetxatuz. Beste aldetik berdegune zabala eta berritua proposatzen da Urkoko hezegunea eta Iberrotako eremua lotuz, espazioak berraktibatuz, ibaiaren gaineko pasabide berria eginez, ibilbideak egokituz, haur nagusientzako jolas-eremuak egokituz (eskalada, oreka-jokoak); Abaroko eremuko eraikuntza berriei alegazioak eginez; Iberreko hirigintza-jarduketak eta hobekuntzak eginez; trafikoa mantsotzeko  proposamenak aurkeztuz, oinezkoentzako guneei lehentasuna emanez (bidegorri eta garraio publikoa) eta auzoko hiri-altzariak berritzeko diru partida orokorra.

Udalaren triptikoa

Aldizkaria argitaratu eta egun gutxira, Sopelako gobernu-taldeak prozesu parte-hartzaile bat proposatu zuen Larrabasterran izan den trafiko gorakada arazoei irtenbideak emateko. Onartzen dute (bazen garaia!) merkataritza-garapen berriek (Berango) eta Urdulizko Ospitalea bezalako ekipamenduek nabarmen eragin dutela trafikoaren hazkundean eta hainbat neurri proposatzen dira: Urgitxieta kaleko mendebaldeko aparkalekuak kentzea eta bigarren errei bat ezarri biribilgunera sartzeko Urdulizko pasabide zuzena lortuz. Abaro sektorearekin konexioak eta Iberre Institutuaren eremuaren erdi-oinezkoentzat ere planteatzen dituzte. Loiola Ander Deunari dagokionez Barrika, Plentzia… eta hondartzetara joateko kale-errepidea auzoa bereizten duen hesi gisa ikusten da, ondorioz, kale hori boulevarizatzea planteatzen da trafikoa Landaluze kaletik desbideratuz pasabideko biribilguneraino. (Ikusi triptikoa)

Oso ondo, baina…

Oso albiste ona da Larrabasterran fokua jartzea eta pozgarria litzateke epe laburrean aurkeztutako proposamen asko gauzatzea haietariko batzuk osagarriak izan baitaitezke.

Harrigarria da, hala ere, aukeratutako hilabetea: uztaila, eta are harrigarriagoa da gobernu-taldeak ia egun batetik bestera uztailean partaidetza-prozesu bat antolatzea eta publiko egitea. Alderdi politiko batek proposamenak egin ditzake (EHBildu, EAJ, edonor…), baina erakunde batek (udala) gainerako alderdi politikoekin adostu behar ditu bere ekinbideak eta ez da onargarria prozesua alde bakarretik abiaraztea, oporraldian, akordiorik eta informaziorik gabe udaleko gainerako alderdi politikoei eta proposamen itxiekin eta ia soilik trafiko arazoetan zentratuta. Gainera, proposamenen batek ingurumenean eragin handia izan dezake (Uribe Kostako korridorearen luzapena Urko aldetik).

Lehentasuna Larrabasterrako bizilagunen bizi-kalitatea da eta oinezkoen lehentasuna bermatzea, beraz trafikoa arintzen duten neurriek ez dute kalterik egin behar lehentasun horretan. Halaber,”bitxi” egiten da orain Berangoko merkataritza-guneak eta Urdulizko ospitaleak sortutako trafiko arazoa konpondu nahi izatea, orain dela oso denbora gutxi egindako jarduerak baitira eta ez zen haien eragina aldez aurretik aurreikusi auzotarren aldarrikapenak ugariak izan arren. Hala eta guztiz ere: hobe berandu inoiz baino, eta epe laburrean aurkeztutako proposamen asko zehatz daitezen. (W)

255 Ikustaldiak
Partekatu: