Sopelan bizi

Asu eta Loiolako etxebizitza babestuak: ongi etorri baina atzerapenarekin datoz

Juan Guillermo Garciak, EHBilduren hirigintza zinegotzi ohiak, sinatutako artikulua

Prentsan irakurri berri dugu bi hitzarmen sinatu direla Sopelako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean azken honek 62 etxebizitza babestu eraiki ditzan Loiolako (23) eta Asuko (39) eremuetan. Prentsan 62 esan beharrean, 53 aipatzen da: ez dakigu nondik irteten den kopuru hori, errakuntza izatea espero dugu, besterik ez. Dena dela, hau alde batera utzita, pozten gara akordio horiek gauzatzeaz, baina ezin dugu salatu gabe utzi, oraingoan ere oso berandu iristen direla.

Eusko Jaurlaritzak Sopelarekin duen zorra

Asu sektoreari eragiten dion hitzarmena 2011. urtean EHBilduren alkatetzan zegoela sinatu zen hitzarmenaren eguneraketa edo berritzea da. Hitzarmen haren bidez, duela urte batzuk Asu eta Bareñoko BPEak eraiki ziren eta bertan 90 sopeloztar baino gehiago bizi dira haien familiekin. Orain sinatutako akordioa berria balitz bezala aurkeztu digute, baina benetan gertatu dena da jatorrizko akordioa iraungita zegoela eta Eusko Jaurlaritzak ez zuela bete 2014ko abenduaren 31z geroztik.

Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euro baino gehiago ordaindu behar zizkion Sopelako Udalari lurrak uzteagatik. Ordainketa hori egiteko, Asuko partzela batean azken etxeak eraikitakoan etxebizitza-kopuru bat emango zion Udalari, baina hori ez zen inoiz gauzatu; beraz, Eusko Jaurlaritzak ez zuen akordioa bete eta ez zuen zorra kitatu.

2014an, EHBilduren legegintzaldian oraindik ere, eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena beteko ez zuela egiaztatu ondoren epea abenduaren 31n amaitzen zelako, zenbait irtenbide aztertu ziren alkatetza eta Etxebizitza Sailaren artean, hala nola, lursaila udalari itzultzea, edo udalak 3 milioien zati bat dirutan jasotzea eta gainerakoak etxebizitzatan, alegia, udalari eman etxebizitza kopuru bat eta saldu beharrean, etxebizitza babestuak izaten hasteko alokairuan jarri ahal izateko.

EHBilduren legegintzaldiaren amaieran, akordio horren zirriborroa eginda zegoen, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eman zitzaion. Une hartan, EAJk zuzentzen zuen, eta edukiarekin ados bazeuden ere, ez zuten inoiz sinatu. Egongo ote zen Udal hauteskunde eta udal gobernu aldaketaren zain? Azkenean ez zuten sinatu, ez Eusko Jaurlaritzak ezta EAJko alkate berriak ere, baina 2011ko akordio oso antzeko bat berritu zen 2016an, eta berriz ere ez zen bete. Urte asko igaro dira gestio horietatik.

Sopela.net-ek honi buruzko informazio zabala eman zuen, irakurri: leer Aprobado la propuesta de pago a Sopela de los terrenos destinados a viviendas de VPP. 2016ko uztaila 01

Loiolako BPEak ere ez dira berriak

Eta Loiolako sektoreko BPEei dagokienez ere, 2015ean proiektu bat prestatzen ari zen udalak zuzenean alokairurako etxebizitza babestuak eraiki zitzan eta Asutik jasoko zirenekin batera alokairurako udal-etxebizitzaren parke bat osatzen joateko. Une hartan, Loiolako sektorean urbanizazio-lanak amaitzen ari ziren eta oraindik ezin zen eraiki eta udal-proiektua hasierako fasean zegoen. 2015eko ekainean EAJk Sopelako alkatetza eskuratu zuenean ez zuen proiektua onartu.

Eguneko zentroa: atzerapenarekin

Sinatu berri den akordioan Sopelako adinekoei zerbitzua emango dien eguneko zentro bat sortzeko lokal bat egokitu da. Gogoratu 2018ko aurrekontuetan 250.000 euroko partida bat jasotzen zela helburu horretarako.

Sopela.net-ek aurrekontu-partida haren berri eman zuen: irakurri Harrera pisu bat eta nagusientzako eguneko zerbitzua bideratzeko erosketak, 2018 martxoren 30

Ekimen ona da, baina kritikatzen dugu hitzarmenean jasota egotea udalak 150.000 € baino gehiago ordaindu behar izatea lokalagatik, kosturik gabe utzi zaionean Eusko Jaurlaritzari Loiolako lur-zatia eta eraikigarritasun guztia.

Prentsan irakurtzen dugu, halaber, lehenik Loiolako etxebizitzak eraikiko direla, eta gero Asukoak; ez dugu ordena hau ulertzen Eusko Jaurlaritzaren zorra Asuko etxebizitzekin kitatuko baita.

EHBilduk ekarpenak egin zizkien akordio horiei, hobetzeko eta zenbait atal argitzeko asmoz. Asuren kasuan, jaso beharreko etxebizitzen kopurua zehaztu eta berrikusi proposatu zen, hitzartutako 39tik 26 kontuan hartuta hasierako hitzarmena sinatu zenetik igaro diren 10 urteetan etxebizitzen balioak aldatu egin direla; eta, era berean, BPEak eraikitzeko epea 4 urtera mugatzea proposatu zen. Eta Loiolaren kasuan, proposatu zen erregimen bereziko alokairuko etxebizitzak ere egotea, baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonentzat, eta ez erregimen orokorrekoentzat bakarrik eta obra egiteko epe zehatzak jasotzen dituen kronograma bat sartzea proposatu zen beste proposamen batzuen artean. Soberan dago esatea ez dizkigutela aintzat hartu.

Hasieran esandakoa poztu egiten gara, baina berandu datoz, ea orain betetzen diren hitzarmenak.

286 Ikustaldiak
Partekatu: