Aurrefabrikatu gehiago Zipiriñen , “behin-behineko irtenbidea” deitzen diote

Aurrefabrikatu gehiago, gutxienez bi urterako

Eusko Jaurlaritzak Zipiriñe handitzea proposatu du aurrefabrikatu gehiago jarriz behin-behineko neurri gisa. Gaur egun badaude beste bi aurrefabrikatu, eufemismoa “barrakoia” esateko.

“Aurrefabrikatu” berrien kokapena oraindik erabakitzeke dago, baina Goiene kalean koka litezke patio-eremuari leku gehiago ez murrizteko. Neurri hori gutxienez bi urterako proposatu dute, eta bien bitartean, “matrikulazioak aztertuko dituzte, bigarren eraikina Loroñon egin ala ez erabakitzeko”.

Eusko Jaurlaritzak muzin egin dio Zipiriñeko hezkuntza-komunitateari

Eusko Jaurlaritzak muzin egin dio Zipiriñeko hezkuntza-komunitatearen iritzi orokorrarari; izan ere, Zipiriñen eztabaida prozesu bat gauzatu zen urtarrilaren 18tik 22ra, udalak sustatuta eta Ibatuz enpresak gidatua. Prozesu horretan, eta hainbat eztabaidaren ondoren, aukera biren artean kokatu zen azken erabakia: EHBilduk egindakoa Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikin berria eraikitzeko Loroñoko lur-sailean egungo Zipiriñe osatzeko; eta EAJk egindakoa Zipiriñeko eraikina handitzeko eta Goiene kalean patio-eremua zabaltzeko.

Azken erabakian, hezkuntza-komunitateko 390 kidek hartu zuten parte, eta parte-hartzaileen % 78 Loroñoko lur-sailan eraikin berri bat eraikitzearen alde agertu ziren. Eusko Jaurlaritzak orain ez dio jaramonik egin emaitza horri, eta proposamen galtzailearen oso antzeko irtenbide baten alde egin du.

Sopelako EAJk ez du ezer esateko?

Sopelako EAJk Zipiriñeko hezkuntza-komunitatean eztabaidatzeko eta parte hartzeko prozesua onartu eta bultzatu zuen EHBildurekin egindako aurrekontu-akordioaren bidez: EAJren proposamena ez zen onartu. Nori zor dio orain koherentzia Sopelako EAJk, Zipiriñeko hezkuntza-komunitateari edo Hezkuntza Sailari?… ala ba al zekien prozesuaren aurretik erabakia hezkuntzarekin hitzartuta zegoela eta eztabaida antzezpen hutsa izan zela?

Hezkuntza Sailak dio bi ikasturte hauetako matrikulazioak aztertuko dituela urrats bat gehiago eman behar den ala ez zehazteko, Zipiriñek urte asko daramatzala masifikazio arazoekin alde batera utziz eta masifikazioa hau, gutxienez, beste bi urtez mantenduz. Gainera, ezkutatu egiten da barrakoiak dituen ikastetxe batek familiei beste ikastetxe bat bilatzeko gonbita egiten diela matrikulazioak murriztuz.

Hezkuntza sailaren proposamen hau ikasleek udako oporrak hasten dituzten egunetan egin da publikoa; hezkuntza-komunitateak erantzun bat emateko unerik “egokienean” alegia. (W)

297 Ikustaldiak
Partekatu: