ABARO: urbanizazio proiektu polemikoa Sopelan

Abaron 500 etxebizitza eraikitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du, baina alegazio asko espero dira behin betiko onarpenaren aurretik.

Auzotarren eta udal oposizioaren alegazioak

Alde batetik, auzotar talde bat sinadurak biltzen ari da, Abaroko gunean hainbat hobekuntza bideratzeko: etxebizitzetara zuzenean sartzeko biribilgune bat eraikitzea; Gobela ibaiaren ubidean konponketak uholdeak saihesteko; oinezkoentzako gunea edo oinezkoei lehentasuna eman institutuaren eremuan; oinezkoentzako eta bizikletentzako 3 pasabide igogailuekin Abaro udalerriko gainerako guneekin lotuz; bidegorria Olabide-Ikastola bidegorriarekin bat egitea; berdegune gehiago eta etxebizitza guztiak BOE izatea.

Bestalde, ildo berean, Udaletxeko oposizio-talde nagusiak ere, EHBilduk, zenbait alegazio aurkeztu zizkion gobernu-taldearen proiektuari (EAJ eta PSE) urrian, behin-behineko onarpenaren unean, eta baten bat onartua izan zen, hala nola Abaro herrigunearekiko lotura arrapala baten bidez. Urrian onartuak izan ez zirenak, berriro ere aurkeztu ditu EHBilduk nabardura berri eta zehatzagoekin: lotura gehiago arrapalen eta igogailuen bidez anbulatorioaren inguruan eta Etxebarri kalean; Enrique Urrutikoetxean aurreikusitako lotura bakarraz gain, beste bat egitea Gobelondo kaletik; Larrabasterra auzoarekin lotura Gatzarriñetik; bidegorria lotu egungo Enrique Urrutikoetxean dagoenarekin; auzoko saltoki txiki berriak sustatu 150m karratuko azalera gainditu gabe; genero-ikuspegia espaloietan, argiztapen-puntuetan, etxabeetan, etab.

22 urteko proiektu arazoduna

Abaroko proiektua 1999ko Sopelako arau subsidiarioetan jasotzen da, eta polemikaz “jaio” zen dentsitate handiko eremu urbanizagarri gisa diktaminatutako eremu bakarra izan baitzen eta etxebizitza asko kokatzen ziren lursail txiki samar batean. Herriko beste eremuekin egindako alderaketa mingarria da, haietan (Bareño, Asu, Loiola eta Zaldu) dentsitate baxuko eraiketak lehenetsi zirelako.

Duela 22 urteko proiektua, alde onak eta txarrak dituena

Hori dela eta, proiektuak ez zuen lursailen jabeen babesik izan, eta geldirik egon zen 2013. urtera arte. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila PSEren esku zegoen, Sopelako alkatetzan EHBildu eta hiru aldeko akordioa lortu zen Eusko Jaurlaritzaren, Udalaren eta lursailen jabeen artean: ia 400 etxebizitza babes ofizialekoak izango zirela eta Iberreko institutua handitzeko lursailak utziko zirela sinatu zen.

Proiektuak alde onak ditu (babes ofizialeko etxebizitza asko eta institutua handitzea) baita txarrak ere (etxebizitza berri asko, eta ondorioz, trafikoa handitzea eta zerbitzu berriak behar izatea), baina guztion alegazioen bidez hobetzeko bidean dago. (W.)

236 Ikustaldiak
Partekatu: