Sopela, kirol instalazioen lizitazioa 20 urterako

Sopelako Udalak, maiatzaren 27an egindako Osoko Bilkuran, herriko kirol instalazioen 15 urterako lizitazioa eta beste bost urtez luzatzeko aukera onartu zuen.

Proposamenak EAJ eta PSEren babesa izan zuen; eta EHBildu, DB-TU eta Eder Garcia Elkarrekin Podemos-IUko zinegotzia aurka azaldu ziren. Elkarrekin Podemos-IU koalizioko beste zinegotziak, Patricia Alonsok, “ezin izan zuen bozketan parte hartu konexio telematikoarekin izandako arazo teknikoengatik”.

EAJk bozketa galduta zuen, baina ezustekoa gauzatu zen

Teorian, Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE, 8 zinegotzi) bozketa galdua zuen, gainerako talde guztiak (EHBildu, Elkarrekin Podemos eta DB-TU, 9 zinegotzi) kontzesio honen aurka baitzeuden, baina bozketaren unean Patricia Alonso Elkarrekin Podemoseko zinegotziak “arazo teknikoak izan zituen eta konexio telematikoa galdu zuen”.

Egoera honetan, puntua gai-zerrendatik kentzea eskatu zuten gainontzeko alderdiek; edo, bestela, bozketa atzeratzea eragozpen horiek konpondu arte. Gobernu taldeak, aldiz, aukera hori baztertu zuen eta zinegotziaren faltaz baliatu zen  puntua aurrera ateratzeko alkatearen kalitatezko botoaren bidez.

20 urterako hipoteka Sopelarentzat

EAJk Sopelako kirol zerbitzua hipotekatu du 15 urterako eta beste bost gehiagorako luzapenaren bidez; alegia, lau legealdirako erabakia, nahiz eta Udalbatzaren gehiengoak eta zerbitzua ematen duen langileek ez duten babesten kontratu mota hau.

Oposizioko alderdiek lizitazio horrek dakarren hipoteka salatu dute: kirol aldetik, ekonomikoki, sozialki eta politikoki. ELA eta LAB sindikatuak ere kontzesio honen aurka agertu dira, “onura ekonomikoak zerbitzu publikoaren kalitateari lehenesten baititu, lan baldintzen prekarizazio handiarekin”.

“Argi dago EAJk ez duela nahi izan gai garrantzitsu hau adostu. Horrelako zerbitzu bat ezin da alkatearen kalitatezko botoarekin onartu; adostasun askoz handiagoa behar da. Laburbilduz, Sopelako udal kirol zerbitzua hipotekatu egin da hurrengo 4 legealdietarako “, salatu du Guruzne Carrasson EHBilduko bozeramaileak.

“20 urterako pleguak, Udalak berak kudeatu beharko lukeen udal-zerbitzu bat, udalekotzeko aukera eragozten du. EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziak enpresa pribatu baten esku utzi dute kiroldegiaren kudeaketa. Eta ez da hori bakarrik, onartutako agirietan ez da jasotzen langileek egindako aldarrikapen bakar bat ere “ salatu du LAB sindikatuak. (W)

169 Ikustaldiak
Partekatu: