Sopelako udal kiroldegia: mobilizazioak eta kudeaketa pribatua.

Lan arloko mobilizazioak

Sopelako kiroldegian 42 beharginek lan egiten dute eta haietariko asko ABEEE egoeran aurkitzen dira (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente, erdaraz ERTE) eta azken egunetan hainbat mobilizazio egin dituzte haien lan arloko eskubideen alde ELA eta LAB sindikatuen babesarekin.

Langileek 1.575 orduko lanaldia eskatzen dute urtean; 2021ean 270€/hileko soldata-osagarria  eta 405 €/ hilean 2022tik aurrerantzean; 2023an %2ko igoera gehi KPIa; medikuarengana joateko orduak norberarentzat eta lehen mailako familiarrak laguntzeko eta,azkenik, soldata mantenduko den ziurtasuna instalazioak itxiz gero.

Sopelako udal kirol zerbitzuak BE ONE enpresa kudeatzen ditu “enpresa pribatu honek onura ekonomikoak zerbitzu publikoaren kalitateari lehenesten dizkio eta lan baldintzen prekarizazio handia sortu du”. Langileek adibide bat ematen dute: BE ONE enpresak ez du ikastarorik edo antzeko jarduerarik burutu pandemia garaian errentagarriak ez direlako, beste udalerri batzuetan egin badira ere.

Kiroldegiaren kudeaketa

BE ONE kiroldegiaren kudeaketa 2020ko apirilean amaitu behar zen, baina Sopelako Udal Gobernu Taldeak, EAJk, legezko luzapenetan oinarritu da zerbitzua BE ONE eskuetan mantentzeko lizitazio berririk atera gabe alarma egoerak eragindako legearen arabera.

Luzapen horien azken eguna uztailaren 31 da; beraz, oraingoan bai ala bai EAJ behartuta dago zerbitzua lizitatzera. Ondorioz apirilean, azken unean, lizitazio plegu berri bat atera zuen 15 urterako lizitazioa baimenduz eta beste 5 urterako luzapen aukera zabalduz. Oposizoak aho batez ezezko borobila eman zion proposamen honi apirileko plenoan “erabakigarria ez den mozio” bateko eztabaidan “proposamen horrek 20 urterako, 4 edo 5 legealdirako, hipotekatzen du Sopela, udalaren osaketa edo etorkizuneko egoera soziala edozein izanda ere”. Behin betiko erabakia maiatzeko udal osoko bilkuran hartuko da.

Honez gain, EAJk aurkeztutako plegu horretan, alde batetik, ez dira jasotzen langileek eskatutako lan hobekuntzak; eta beste aldetik instalakuntza berrien eraiketa esku pribatuetan uzten da; beraz, Udalak egin daitezkeen instalazio berrien gaineko kontrola galtzen du ahalmen hori esku pribatuetan utziz kontrol publikorik gabe.

Oposizioaren proposamena

Egoera uztailaren 31 baino lehen bideratu behar da, hori dela eta, EHBilduk, Elkarrekin Podemosek eta DBTUk adostu eta sinatu dute “Epe laburreko” plegu berri baten aukera zerbitzua emango dela ziurtatzeko, langileak ABEEtik ateratzeko, ikastaroak berraktibatzeko eta etorkizuneko azpiegituren kudeaketa alde batera uzteko. “Epe labur” horrek, gainera, kudeaketa-mota eraginkorragoak aztertzeko aukera ematen du (besteak beste, zerbitzua berriz udalerriratzea).“Apirileko osoko bilkuran langileen aldarrikapenak babestu genituen, ikastaroei berrekiteko eta ABEEErekin amaitzeko eskatu genion BE ONE enpresari, beste udalerri batzuetan egin den bezala, eta, horrez gain, Sopelako udal-kirol zerbitzuaren baldintzak eztabaidatzeko eskatu genuen, bai lan-baldintzak ziurtatzeko klausula sozialak dituzten pleguen bidez, bai egin beharreko inbertsioei buruzko eztabaida baten bidez,  bai zerbitzua berriz udalerriratzeko aukera aztertuz” laburbildu digu egoerak Unai del Burgo EHBilduko eledunak.”

207 Ikustaldiak
Partekatu: