Korrika ez da aurten ospatu; prest datorren urterako

Gaur, martxoak 27, 2021eko Korrika amaituko zen pandemiak urte bat atzeratu izan ez balu. “Egin ez den” Korrikaren amaiera gogoan hartzeko eta 2022ko data jakinarazteko AEK-k 80 ekintzatik gora egin ditu Euskal Herriko hainbat herritan, haien artean Sopelan.

Sopelako udaletxeko plazan, 12:00etan Uribe Kostako AEK-ko kideak batu dira “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” lelopean. Sopelako eta Euskal Herri osoko ekitaldiak xumeak izan dira, baina helburuak argiak: euskaltegien aldeko bultzada kalean sentitzea eta herritarrei mezu bat ematea: “mende erdi baino gehiagoko ibilbidean, euskaltegiek fruitu oparoak eman dituzte eta azken hamarkadetan euskaldundutako lagunen herenak euskaltegietatik atera direla. Lana, hala ere, badago oraindik, 16 urtetik gorako biztanleen %55 euskaldundu gabe dago”

Datorren urteko hitzordua: Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du martxoaren 31tik apirilaren 10era.

179 Ikustaldiak
Partekatu: