Sopelako euskaltegia: Zer gertatu da?

Urtarrileko osoko bilkuran, Sopelako alkateak, Josu Landalucek, adierazpen gogorrak egin zituen LAB sindikatuaren aurka, sindikatu honek idazki baten bidez Sopelako Euskaltegiko zenbait lan egoera salatzen zituelako. Josuk “panfletotzat” jo zuen idazkia, “doako baieztapenez eta gezur handi eta larriez beteta”.

LABek berretsi eta dokumentazioa aurkeztu egin du

LABek esandako guztia berresten du eta datu ugari mahairatu ditu. Sindikatuaren arabera, Gizarte Segurantzak lan istriputzat aitortu du Sopelako Euskaltegiko bi langilek 2017ko urrian izandako kontingentzia zeinak langileei urte eta erdiko ezintasuna eragin baitzien. Langileek salatu zuten abusuzko tratua jasan zutela Euskaltegiko zuzendaritza eta administraritzaren aldetik eta 2015. urteaz geroztik izandako gertaeren zerrenda erantsita, presazko esku-hartzea eskatu zuten udaletxean (2017-464 sarrera-erregistroa).

Gainera, OSALANek eta Lan Ikuskaritzak errekerimendu bana egin zioten udalari. OSALANek (2019-01-30) arrisku psikosozialen ebaluazioa, prebentzio-neurriak, gatazkak konpontzeko protokoloa eta salatutako egoerari irtenbidea bilatzeko prozedura abiaraztea eskatu zion Udalari. Lan Ikuskaritzak (2019-04-01) egiaztatu zuen 2013an jada hauteman zirela arrisku psikosozialak eta ebaluazio bat egiteko beharra nabarmendu zuen. Txostenaren datan oraindik planifikatu gabe zeuden aipatutako neurriak, eta gatazkari irtenbidea emateko eskatu zuen.

LABek azaltzen du Euskaltegiko beste bost irakasle ohik Lan Ikuskaritzan lekukotza emateko prest zeudela, eta beste batek euskaltegia uztea erabaki zuela 2019ko apirilean Udaleko Langileen Sailari eta LAB sindikatuari mezu elektroniko bidali ondoren bizi izandako egoera penagarriaren berri emanez.

LABek, azaldutako datuen arabera, udalak ez zuela arduraz eta azkar erantzun ondorioztatu du; hala ere sindikatuak onartzen du gaur egun langile bi hauen egoera hobetu egin dela, Euskaltegitik irten direlako eta, ondoren, Udaleko beste eremu batean birkokatuak izan direlako. Halaber, LABek berresten du langileek indemnizazio bat jaso zutela Udalak kontratatutako aseguruak ordaindua, eta Udalak berak ordaindu zuela kalte-ordain horri dagokion frankizia.

LABek babesa ematen die langileei, eta behin betiko konponbidea bilatzeko eskatu du, funtzionamenduko barne-araudi batekin eta antolaketa-neurriak hartuta.

Aurreko legealdian gai hau isilarazi zuen alkateak plenoan

Gai honi buruz zerbait argitaratu zen aurreko legegintzaldian. Osoko bilkuran (2017-04-27) erabaki zen Euskaltegiko Tokiko Erakunde Autonomoa desegitea, eta prozesu bat hastea udalak zuzenean kudea zezan; baina urtebete geroago (2018-06-25) EHbilduko orduko bozeramaileak irakasle horiek bizitzen ari ziren egoera salatu zuenean osoko bilkuran, Gontzal Hermosillak, une hartan EAJko alkatea zenak, uko egin zion erantzuteari, eta mehatxatu egin zuen zerbitzu juridikoetara joko zuela aztertzeko informazio hori publikoa egin zuenaren ardura eta beharrezkoa izanez gero, neurriak hartuko zirela. (Udal Osoko Bilkuraren akta) (W.)

475 Ikustaldiak
Partekatu: