Sopela 2020 aurrekontuak

2021eko udal aurrekontuak onartu dituzte Sopelako udalean

Sopelako Udalak, otsailaren 25ean egindako Osoko Bilkuran, 2021erako udal aurrekontuak onartu zituen. Gobernu taldeak (EAJ eta PSE) aurkeztutako aurrekontua 14.794.753 eurokoa da, eta onartua izan zen alderdi bi hauen aldeko botoen esker; EHBildu eta Elkarrekin-Podemos abstenitu ziren eta DB-TU alderdiak aurkako botoa eman zuen.

EHBILDUren eta Elkarrekin-Podemosen zuzenketa partzialak

EHBilduk zenbait zuzenketa partzial aurkeztu zituen, hasierako gobernu-taldeak aurkeztutako aurrekontu-proiektuan jasota ez zeuden edo behar besteko esleipenik ez zutelako udal-jarduketako eremuak estaltzeko edo hobetzeko. Zuzenketa horiek guztiak onartu egin ziren, eta horrek oposizioko talde nagusiaren abstentzioa ekarri zuen, “Zuzenketak onartzea eta 2021erako aurrekontu-akordioa luzatzen denez, abstentzio kritiko baten bidez aurrekontuak bideratzea erraztuko dugu”, adierazi zuen koalizio abertzaleko bozeramaileak.

Zuzenketa partzial horiek jarduera kulturalei buruzkoak dira; hirigintzari, ingurumenari eta jasangarritasun energetikoari buruzkoak; berdintasun arlokoak; euskarari buruzkoak; elkartasun internazionalista esparrukoak; ludopatiaren aurkako kanpaina ekiteko; herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatzeko eta plan Covid-19az, pandemiaren ondorioz sortutako premia sozio-ekonomikoei, zainketei eta osasun-arretari aurre egiteko. (Zuzenketa hau 150mila eurokoa da).

Elkarrekin-Podemosek, bere aldetik, 5 zuzenketa aurkeztu zituen, baina ez ziren onartu, EHBILDUk eta DB-TUk aldeko botoa eman zuten arren; Gobernu Taldeak kontrako botoa eman zuen argudiatuz zuzenketa horiek Osoko Bilkuraren egun berean aurkeztu zirela eta ez zela denbora nahikorik egon aztertzeko eta aurrekontu orokorrera egokitzeko. Zuzenketak onartu ez baziren ere, Elkarrekin-Podemosek abstentziora jo zuen.

DB-TU bakardadean

Azkenik, DB-TUko zinegotzi bakarra, legealdiaren hasieran Gobernu Batzordean postu bat zuenak, aurkako botoa eman zuen, bere idatzizko ekarpenak aurrekontuetan jaso ez zirela argudiatuz.

98 Ikustaldiak
Partekatu: