Ez da Sopela bakarrik, Uribe Kosta osoa eremu arkeologiko oso garrantzitsua da

Maitane Larrea eta Ander Ugarte Historian lizentziatuak dira eta arkeologian masterra egin zuten. Maitane bilbotarra da eta Ander sopeloztarra, baina gaur egun biok Sopelan bizi dira. Historia ikasten ari zirela Lemoako Arlanpeko kobazuloko indusketan parte hartzeko aukera izan zuten. Ordutik hainbat proiektutan parte hartu dute: Askondo kobazuloko arte labarren aurkikuntzan (Mañaria), Aranbaltza aire zabaleko aztarnategian (Barrika) eta Atxurra (Berriatua) eta Abittaga kobazuloetako (Amoroto) indusketetan.

Gure herriko eta inguruko iraganaz oso gutxi dakigu, horregatik haiengana jo dugu…

1.- Bizkaiko Foru Aldundiari txosten bat bidaltzea erabaki duzue Bareño auzoan egindako aurkikuntzak aurkeztuz…

Horrelaxe da. Aski ezaguna da Uribe Kostako ondare arkeologikoa garrantzitsua dela. Aire zabaleko hainbat aztarnategi ikertuak izan dira gure eskualdean (Aranbaltza, Kurtzio, Zabaletxe, Landaluze, Mendieta). Orain dela urte batzuk, 2008an hain zuzen ere, Bareñoko zonaldean, prospekzio arkeologikoa egin zen eta historiaurreko aztarna ugari aurkitu ziren: landutako suharri mota ezberdinak, kuartzita tresnak, zeramika zatiak eta hareharriak. Iazko udan, BM hipermerkatuta eraikiko duten eremuan, hainbat makina eta hondeatzaile lurrak mugiarazi ondoren, suharri aztarnak agerian utzi zituzten. Horregatik, historiaurreko erreferentziak zeudela jakinda eta balizko aztarnategi berri bat suntsitu baino lehen, Bizkaiko Foru Aldundiari txosten bat bidaltzea erabaki genuen egindako aurkikuntzak aurkeztuz.

Erantzuna jaso genuen eta zundaketa arkeologikoa egingo dutela adierazi ziguten aztarnategi arkeologikoa dagoen edo ez ziurtatzeko.

2.- Azaldu ahal duzue zein den Sopelako ondarearen balio arkeologikoa?

Ez da Sopela bakarrik, baizik eta Uribe Kosta osoa eremu arkeologiko oso garrantzitsua da. Kantauri isurialdeko aire zabaleko aztarnategi gehien duen zonaldea dela esan daiteke.

Paleolito garaian giza taldeak non bizi ziren galdetzen badiozu norbaiti, seguruenik “haitzuloetan” erantzungo dizu. Oro har, garai horri buruz dugun irudia hori da; izan ere, aztarnategi gehienak kobazuloetan aurkitu dira, kontserbazioa handiagoa eta errazagoa delako. Baina aztarnategi askok agerian utzi dute ehiztari-biltzaile talde horiek aire zabaleko kokalekuak ere eraikitzen zituztela. Aire zabaleko kokaleku mota hori aurkitzea eta, batez ere, kontserbatzea zailagoa da; izan ere, normalean nahiko maila azalekoetan egoten dira eta ez dago ageriko egiturarik. Horregatik, lursailean edozein aldaketa eginez gero, eragina izango du. Badakigu historiaurreko garaian giza taldeak Uribe Kostara hurbiltzen zirela beren lehengai nagusiaz hornitzera, silexa. Baina ez ziren etortzen, suharria hartu eta joan, baizik eta denboraldiak ematen zituzten inguru hartan, eta kobazulorik ez zegoenez, kokaleku horiek aire zabalean egiten ziren. Horrelako kokalekuen adibide on bat Barrikan dugu, Aranbaltzako aire zabaleko aztarnategian. Bertan, Erdi Paleolitotik (neandertalen garaia) Brontze aroa arte doazen okupazioen aztarna arkeologikoak berreskuratu dira. Hortan datza Uribe Kostaren garrantzia, aire zabaleko aztarnategien potentzial arkeologikoan. Izan ere, Bizkaia gainerako lurraldean ez da dokumentatu paleolito garaiko aire zabaleko aztarnategirik.

3.- Zuen ustez administrazio publikoak eremu hori babestu ahal dute? Norena da ardura?

Administrazio publikoek asko egin dezakete ondarea babesteko. Izan ere, ondarea babesteko erantzukizuna, guztiona izan arren, administrazioena da hein handi batean. Sopelaren kasuan, azken urteotan asko izan dira obrak egin diren bitartean aurkitu diren aztarnategiak, adibidez, Landaluze, Moreaga, Mendieta I eta II, Bareño… Aurkikuntza hauek arkeologoen interes bereziari esker egin dira eta kasu batzuetan arkeologia zaleena.

4.- Zer proposatzen duzue Sopelako ondarea babesteko?

Alde batetik, udalerri mailan, ondo legoke Sopelako ondarearen babesa bermatuko lukeen ekimenen bat aurrera eramatea, udalerrian egiten ari diren obren kopurua kontuan hartuta. Adibidez, udal-araudi bat onartzea, lurrak nabarmen mugituko diren eremuetan prospekzio arkeologikoak edo zundaketak egitera behartzen duena. Horrela, lurrak mugiarazteko edozein lan egin aurretik, eragin arkeologikoaren azterketa bat egin beharko da, aztarnategi baten presentziaren ebidentziak jasotzen badira, hurrengo urratsa aztarnategia induskatzea izango litzateke, eta, gero, eremu horretan egingo diren lanekin jarraitzea. Dena den, zundaketa batzuk egiten badira, eta horietan ezer aurkitzen ez bada, egokiena izango litzateke, lurra berritzeko lanekin jarraitzen den bitartean, arkeologo bat bertan egotea lan horiek ikuskatzen. Arkeologia oso apetatsua da, eta litekeena da zundaketak egin diren lekuetan ez agertzea ezer eta eremuko beste gune batean agertzea material arkeologikoa. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiak babes bereziren bat eman diezaiokete Uribe Kostako eskualdeari.

5.- Historiadoreak eta Bareñoko auzokideak zarete… Zer iritzi duzue BMk eraiki nahi duen hipermerkatuaz?

Gure ustez, hipermerkatuaren eraikitzeak ondorio kaltegarriak izango ditu: tokiko merkataritzari eragingo dio, zirkulazio handia jasaten ari den errepide batean zirkulazioa nabarmen handituko da. Horrek guztiak zarata eta kutsadura handiagoa eragiten du. Ingurumenaren aldetik kontsumo-eredu jasanezina bultzatzen du… BMaren eraikuntza Sopela bizitzen ari den herri ereduaren aldaketaren adibiderik argiena da. Geure buruari galdetu behar diogu ea eredu berri hau nahi ote dugun Sopelarako. Eta hiritar gisa, herrian egiten denari buruz pentsatzen duguna, errespetuz beti, adierazteko eskubidea eta betebeharra dugu. Eta garrantzitsua da hori egitea, gure herrian gertatzen denaren inguruko poza edo nahigabea helaraztea erakundeei.

411 Ikustaldiak
Partekatu: