Sopelako jubilatuak: astelehenero eguzkitan edo euritan edo behar denean

Astelehenean (abenduak 28), etengabeko euripean, Sopelako jubilatu talde bat bildu zen udaletxeko plazan, eta badira ia hiru urte elkarretaratze hau egiten dutela astelehenero.

Sarri entzuten da pentsioen etorkizuna jokoan dagoela… “kontu publikoen egonkortasunak ezin diola eutsi egungo pentsio sistemari”. Eufemismo galanta egungo pentsioak murriztu nahi izateko eta erretiro-plan pribatuak bultzatzeko.

Hori dela eta, Sopelako erretiratuek asteleheneroko elkarretaratzeen bidez, beste hainbat udalerritakoekin batera, Pentsio Sistema Publikoa defendatzea eskatzen dute, pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatuz.

Eskaerak

Eskaeren artean, pentsioen urteroko balio-handitze automatikoa dago, gutxienez benetako KPIa bermatuz; gutxieneko 1080 euroko pentsioa ziurtatzea eta erretiro aurreratu osoari eustea murrizketarik gabe 40 urte kotizatu ondoren. Gainera, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzea eskatzen da, horretarako alarguntza-pentsioa ezkontideari dagokion pentsioaren % 100ekoa izan dadila exijituz.

Mozioak Sopelako udaletxean: balore sinbolikoa

Bitan mahairatu dira mozioak Sopelako Udalean erretiratuen mugimenduaren aldarrikapenak babesteko. Mozio horiek balio sinbolikoa dute batez ere, udalak ez baitu pentsioetan inolako eskumenik; baina jarrera politiko ikustaraztea garrantzitsua da.

Aurkeztutako lehen mozioa 2018ko martxoan izan zen; Sopelako Udalean udal-ordezkaritza duten taldeek bakarrik aurkez ditzakete mozioak; horregatik, “Pentsionistak martxan” plataformak mozio bat aurkeztu nahi izan zuen eta EHBilduk “bideratu” egin zuen osoko bilkurara eramanez. Mozioa ez zen aurrera atera, EAJ, PSE eta DB-TU alderdiek osoko zuzenketa aurkeztu baitzuten.

Ondoren, 2019ko urrian, DB-TUk Pentsio Sistema Publikoaren Defentsaren aldeko Bizkaiko Koordinakundeak prestatutako mozioa bideratu zuen. Oraingoan, proposamena onartu egin zen, EHBilduren (6), Elkarrekin-Podemosen (2) eta DB-TUren (1) aldeko botoekin; PSE (1) abstenitu egin zen eta EAJk (7) aurka bozkatu zuen. (W.) (argazkia artxibokoa da, musukoa derrigorrezkoa izan baino lehenagokoa)

269 Ikustaldiak
Partekatu: