“Udalak erreakzionatu egin behar du eta konponbide erreal eta iraunkorrak proposatu”


Juankar eta Haritz Sopelako bizilagunak dira eta oso kezkatuta daude herriak dituen trafiko arazoengatik. Juankar eta Haritz, Olabideko beste bizilagun batzuekin batera, sinadurak biltzen ari dira Udalari helarazteko Sopelako trafikoaren arazoa konpon dezan.  Ekimena Lizarre eta Olabide auzoetan egiten ari dira, baina Gatzarriñetik (Larrabasterra) jarraitzeko asmoa dute, herria zeharkatzen duen trafiko bolumen handiagatik oso zigortuta baitago Sopelako eskualde hau, kontutan hartuz gainera, Sopela eta Urdulizko Ospitalea lotzen dituen Osteiko bidea irekiko denean trafikoaren arazoa handituko dela

Zer eskatzen duzue zuen ekimenarekin? Nork har dezake parte?

Sopelako bizilagun talde bat gara, eta trafikoaren gorakadaren ondorioz herrian izan dugun bizi-kalitatearen beherakadak kezkatzen gaitu. Trafikoaren gorakada hau Bizkaiko Foru Aldundian eta gure udalean hartu diren erabakien ondorioa da. Ospitalea Urdulizen eraikitzea da horren adibide. Kokapena ulertezina da zerbitzu handiena Getxoko 80.000 biztanleri ematen baitie. Ez al zen egokiagoa hurbilago kokatzea? Nola planteatu zen Urdulizen kokatzea, eta ez ziren planteatu sarbideak eta aparkalekuak? Zergatik ez dira areagotu Urdulizko Ospitalera joateko garraio publikoa eta ibilbideak?

Gure ustez argi dago Sopelako herriaren eta bertako biztanleen interesak larriki kaltetzen dituen planteamendu bat egin dela, herriko sarrera eta irteera guztietan eraginez eta, bereziki, Gatzarriñe eta Olabide bezalako egoitza-kaleetan.

Sopela harrapatuta geratu da, Berangoko mugan dagoen merkataritza-gune handiaren eta Ospitalearen artean, eta milaka ibilgailu gehiago jasan behar ditu. Honen aurrean, deigarria egiten zaigu udalaren immobilismoa, aintzat hartuz gainera, Berango eta Urduliz herriak haien hiriguneak babesten ari direla. Udalak erreakzionatu egin behar du, eta benetako konponbide iraunkorrak proposatu.

Zer arazo ekarriko ditu Osteiko bidea irekitzeak?

Zuzeneko ondorioa, esan bezala, trafikoa nabarmen handitzea izango da herriko sarrera eta irteeretan, eta are gehiago Olabide eta Gatzarriñe kaleetan. Ospitalerako eta merkataritza-zentroetarako sarbideak izateaz gain, errepide hori komunikazio ardatz bihurtuko da Osteiko inguruan eraikiko diren etxebizitza guztientzat eta Isuskitzako (Plentzia) eta Urdulizko ibilgailuentzat Getxo eta Berangotiko joan-etorrietan.

Zer irtenbide proposatzen duzue?

Badaude aukerak trafikoa murrizteko Sopelako erdigunetik edo egoitza-auzoetatik. Bere garaian azterketa bat egin zen eta bertan 7 aukera ezberdin planteatu ziren, elkarren artean kontrajarriak ez zirenak eta arazoari irtenbidea ematen ziotenak. Ematen du, udalaren egungo kudeatzaileek ahaztu edo urratu dituzte; baina hor daude, eta udalak ez ezik, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere, ezagutzen dituzte beren eskumenak baitira.
Era berean, garraio publikoaren erabilera eta Metroko eta Bizkai-buseko maiztasunak handitzea sustatu beharko litzateke.

Zer erantzun jaso duzue Udaletik?

Osteikoko bidearen irekiera aldi baterako geldiaraztea lortu zen, baina badirudi laster irekiko dela, behin betiko konponbide eraginkorrik mahairatu gabe. Udalak oso parte-hartze prozesu zalantzagarria deitu zuen, oposizioak eta plataformek kritikatu zutena, formei, denborari eta funtsari dagokienez, eta horrek ere ez zuen benetako irtenbideak planteatzeko balio izan.

Olabideko errepidean zenbait jarduketa egin ziren, baina denbora aurrera doa eta arazoak hor jarraitzen du. Trafiko handia dago, gero eta gehiago, zarata handia, eta ziur kutsadura ere nabaritzen dela. Ez dugu pentsatu ere egin zer gertatuko den bidea irekiko denean. Udalari idatzi genion gure kezkak eta proposamenak helaraziz, eta alkateak erantzun zigun, baina iruditu zitzaigun erantzuna ez erantzuteko modurik onena izan zela, kontraesan eta luzamendutan eroriz. Ez gaude pozik, beraz.

Trafikoaren arazoa dela eta, zer eskatzen diozue Bizkaiko Aldundiari?

Urdulizko Ospitalera sartzeko arazoa ez da soilik Sopelako Udalaren eskumena, baizik eta Ospitalea eraiki aurretik Bizkaiko Foru Aldundiak planteatu behar izan zituela bere garaian arazo honen konponbideak. Non ikusi da tamaina horretako makro-proiektu bat eraikitzea sarbideak egin gabe? Hemen dago guztiaren gakoa. Mahai gainean beste aukera batzuk daude. Egin dena sakonago aztertu eta konponbideak praktikara eraman.

Zer egin behar da zuen ekimena babesteko?

Hainbat etxe-komunitatetako bizilagunok gutun bat sinatu eta bidali diegu alkateari eta udaleko zinegotzi guztiei. Ahalik eta komunitate gehienetara iristea gustatuko litzaiguke. Horretarako, helbide elektroniko bat jarriko dugu interesa duen edonoren eskura: plataformahospitaluribe2016 @gmail.com

681 Ikustaldiak
Partekatu: