Hipermerkatu Asanblada

“Duela urte batzuk TAOa gelditzea lortu bazen, zergatik ez dugu ba hipermerkatua geldituko?”

Miriam eta Andoni Sopelako bi gazte dira, UKAN taldeko kideak, prekarietatearen kontra Uribe Kostan gaztez osatutako taldea. UKANek eta Sopelako beste zenbait eragilek eta auzokidek plataforma herritar bat sortu berri dute, Bareñoko zonaldean eraiki nahi den merkatal gunea gelditzeko asmoarekin.

– Herritarron plataforma bat sortu berri da Sopelan, Bareñoko zonaldean eraiki nahi den merkatal gune baten inguruan. Nortzuk osatzen dute? Zein da zuen helburua?

Sopelako Hipermerkatuari EZ plataforma bai Sopelako hainbat herritarrok bai Sopela zein Uribe Kosta mailako eragile ezberdinok osatzen dugu. Eragile horien artean Sopelako merkatarien elkartea, UKan (Uribe Kostako Gazte Prekarizatu antolatuak) eta Gune (Uribe Kostako guneen defentsan aritzen den asanblada) aurkitzen dira. Plataforma honen berehalako helburua merkatal guneko proiektua gelditzea da hemendik epe luzeago batera espazio hori birkalifikatzeko nahiarekin. Gainera, argi daukagu Sopelak bertoko urbanismoarekin loturiko hausnarketa sakona eta mugimendu potentea behar duela ez baita hau urbanismo planarekin loturiko arazo bakarra.

– Zer eraiki nahi da Bareñon zehazki?
Xehetasun azterlanaren arabera, Bareñon 3.050 m² eraikigarri, 7 metroko altuera, 94 plazako lurpeko aparkalekua eta 1.500 metro koadroko azalera komertziala edukiko duen merkatal gunea eraikitzeko proiektua martxan jarri da. Honen kokapena, Sopela eta hondartza lotzen dituen zubiaren ondoan izango da (hondartzara bidean, zubia zeharkatzean ezkerretara dagoen lursaila, B-637 errepidean, Barrikarako bidean).  Honek ekar ditzakeen ondorioen inguruan informatzeko eta proiektua hobeto ezagutzeko sare sozialeetan komunikatu zehatzago bat topa dezakezue, baita herritik banatutako eskuorriak irakurri ere.

– Nor dago honen atzean?
Lur eremu hori Viuda de Sainz enpresa eraikitzailearena da eta konfinamendu garaian (herriak kexatzeko ez antolatzeko aukerarik ez zeukanean) udalako plenoan onartu zen proposamena EAJ-ren eta PSE-ren baietzari eta DB-TU ren abstentzioari esker.

– Zuen ustez zer eragin izango luke proiektu horrek Sopelan?
Proiektu honen eragina 4 ardatz nagusitan aztertzea komeni dela uste dugu: saltoki txikien suntsipena, herriaren zatiketa, lan prekarizatuaren sorrera eta kontsumo eredu jasanezina.

Alde batetik, argi dago horrelako azpiegitura batek ekartzen duen lehenengo ondorioa: herriko komertzioen suntsipena. Horrela, hainbat komertziok euren ateak ixten ez badituzte, oso egoera txarretan egin beharko dute aurrera. Joera hori, zoritxarrez, argia izan da gure eskualdean, horrela gertatu baita Arteako edo Berangoko merkatalguneen kasuan, Gorlizko hipermerkatuaren kasuan, edota Avanzadako merkatalgune horren kasuan.

Bestalde, hipermerkatuak Sopela bitan are gehiago zatitzea eragingo luke. Autoz gainezka dagoen errepide baten alboan hipermerkatu bat eraikitzeak, izugarrizko eragina izango luke trafiko horren areagotzean, eta ondorioz, herriaren zatiketa argia izango zen: Sopelako erdigunea, eta oraindik eraikitze prozesuan dagoen zonalde berri hori, hots, hondartzetatik hurbil dagoena. Horrek, trafikoaren areagotzea eragiteaz gain, zerbitzurik gabeko bigarren Sopela baten sorrera eragingo luke.

Gainera, hipermerkatuen kasuan gertatzen ohi denez, enplegu prekarizatuaren sorrera eragingo luke. Hori baita banaketa enpresa handiek duten lan egiteko era: soldata txikiak, aldi baterako kontratuak, ezinezko ordutegiak, etab.

Azkenik, identifikatzen dugun laugarren ondorio nagusia, kontsumo eredu jasanezin baten sustapena da: alferrikako plastikoak, oso urrutitik datozen elikagaiak, garraioarekin lotutako emisioak, marketina eta kontsumismoa…

– Badago aukera proiektua gelditzeko?

Noski! Bestela hipermerkatuaren kontrako taldea ez luke zentzurik izango. Aukera egon badago, baina hori herritarron esku baino ez dago. Hau da, legalki eta instituzioen barruan ezer gutxi egin daiteke. Baina herritarrok bat egiten badugu, ahalik eta jende gehien batzen bagara, presioa sartuz, proiektua geldi dezakegu.

Gakoa talde anitz eta ireki bat sortzea da. Eta hori lortzen badugu, proiektua geldiaraziko dugu. Horrelako herri-mugimenduen garaipenen adibide argia Sopelan daukagu, TAOaren kontra sortu zen auzokoen mugimendua. Duela urte batzuk TAOa gelditzea lortu bazen, zergatik ez dugu ba hipermerkatua geldituko?

– Asanblada bat antolatu zenuten duela aste batzuk. Baloraziorik?

Oso positiboa. 30 pertsona inguru batu ginen eta 50 pertsona baino gehiagoko taldea sortzea lortu dugu. Gauzarik onena, seguruenik, oso talde anitza lortu dugula da. Hau da, gazteak, nagusiak, merkatariak, eragile sozialetako kideak, esparru ideologiko desberdinetako jendea etab. batu ginen helburu amankomun batekin: hipermerkatuaren proiektua geldiaraztea.

Gainera, asanbladan parte hartu zuten pertsonek oso gogotsu ibili ziren, ta horrek motibatzen gaitu.

Agian asanblada horretan faltan bota zena izan zen merkatarien parte hartze altuago bat. Zentzu horretan argi daukagu eurek izan beharko dutela mugimendu honen lidergoa, eurak baitira kaltetu nagusienak. Hala ere, positiboak gara eta badakigu informatzen jarraitzen badugu, taldera bilduko direla.

– Eta hemendik aurrera, zer?

Ba hemendik aurrera, epe laburrean, herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea dagokigu. Jendea, orokorrean, oso nahastuta dabil gai honen inguruan, ta euren ideiak argitu gabe ezinezkoa da talde zabal bat lortzea.

Geroago, epe luzean, mobilizazioak eta bestelako ekintzak egiten planteatzen hasi beharko gara, baina horretarako, aipatu dugunez, lehendabizi sopeloztarrek proiektuaren nondik norakoak ezagutu behar dituzte.

Hipermerkatu berri honi aurre egiteko, bariku honetan, hilak 24, arratsaldeko 20:00etan asanblada egongo da Jauregizar Plazan. Bilera irekia izango da, edozein herritar parte hartu ahal izango du. Animatu Zaitezte!

434 Ikustaldiak
Partekatu: