Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen balorazioa Sopelan

EAJ/PNV irabazle, baina botoak galtzen

Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi ditu EAEko legebiltzarrerako hauteskundeak, 31 eserleku lortuz, 349.429 botorekin. Hala ere, 48.739 bozka galdu dituzte jeltzaleek. Abstentzioak gogor kolpatu du EAJa pandemia egoeran hauteskundeak deitzeagatik, baina baita hainbat alorretan egindako gestio okerrengatik (Zalbibarreko desastrea, De Miguel kasua…).

Gauza bera gertatu zaio Sopelan EAJri: jeltzaleak lehen indarra dira, baina, bozka galera nabarmena izan dute. 244 bozka galdu dituzte Sopelan %8,55.

EH Bilduk gora egin du

1841 boto jaso ditu ezkerreko talde subiranistak, 148 botoko igoerarekin 2016ko hauteskundeekin alderatuz (%9ko igoera). Sopelan bozka berri gehien erakarri dituen indar politikoa da. Azken hiru hauteskundeetan bezala (udala, aldundia, orokorrak), nabarmen igo da EH Bildu Sopelan.

Euskal Herri mailan erronka subiranista eta eskubide sozialen aldarrikapenak uztartzean egon daiteke gakoa. Sopelan, ostera, herritarrekiko hurbiltasunean.

PSE gora eta Podemos-IU maldan behera

Elkarrekin Podemosek 2016ko bozken %51 galdu ditu Sopelan, beherakada izugarria: EAEn izan dituzten barne-krisiek eraginda, haien proiektu politikoa noraezean dabil, Madrili begira eta Euskal Herriko auzi territorialari heldu gabe. Abstentzioak ere gogor kolpatu ditu. Horrek Sopelan eragina izan du, zalantzarik gabe.

PSEk, ostera, 50 bozka irabazi ditu (%11,87ko igoera), Espainiar Estatuko gobernuan duen protagonismoaz baliatuz.

Abstentzioa, benetako garailea

Koronabirusak eta gizarteak orohar alderdi politikoekiko duen mesfidantzak eraginda, azken hauteskunde hauetan abstentzioa oso handia izan da. EAEn %48 eta Sopelan %44.

Sopelan hainbat alderdietan eragin du abstentzioak modu negatiboan, EAJ eta Podemos-UI alderdietan, zehazki. EH Bildun eta PSE-n ez, ordea. Edonola ere, kontutan hartzeko datua da abstentzioarena, gizarteak orokorrean eta baita sopeloztarrek ere jardun politiko-instituzionalarekiko erakutsi duten mesfidantza, identifikazio eza edo pasibitatea.

219 Ikustaldiak
Partekatu: