Sopela: komun-zerbitzu gutxiago hondartzetan

Hala da. Aurreko uda garaietan Sopelako hondartzetan 4 komun publiko gune egon dira; aurten, aldiz, bi baino ez dira egongo.

Itxialdiaren osteko “normaltasun berrian”, erakunde guztiek higienearen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriz. Testuinguru horretan, komun publikoak ugaritu, edo gutxienez mantendu beharrean, Sopelako Udalak murriztu egin ditu aurtengo zerbitzuak.

Ekainaren 20an abian jarri ziren 2 zerbitzu gune, aurreko urteetan 4 izan diren bitartean eta publikoarentzako irekiera ordubetez ere murriztu da (11:00etatik 20:00etara; aurreko urteetan 10:00etatik 20:00etara).

Alkatetzaren aldebakarreko erabakia.

Erabakia alde bakarretik hartu du Sopelako alkatetzak (EAJ), osoko bilkurara eraman gabe eta, ondorioz, udal taldeen artean eztabaidatu gabe. Egoera honen salaketa osoko bilkuraren galde-eskeen saioan “azalarazi” zuen EHBilduk murrizketa honen inguruan galdetu zuenenean. Ikus daitekeenez, SopelBUS bertan behera uzteko erabilitako prozedura bera: udal osoko bilkuratik pasa gabeko alkatetzaren erabakia (SopelBUSi buruzko artikulua ikusi).

Murrizketak, pribatizazioak eta kudeaketa txarra.

Murrizketa ekonomikoa nabaria da: 2019ko aurrekontuan, “Hondartzetako komunak garbitzeko aldi baterako langileentzako” aurrekontu-aplikazioak 103.000 euroko kreditua zuen esleituta. Aurten 47.000 € soilik esleitu dira eta alkatetzaren dekretu baten bidez; aurrekontua, beraz, %54 jaitsi da.

Gainera, zerbitzua “externalizatu” da: eufemismoa zerbitzua pribatizatu dela esateko, zerbitzua enpresa pribatu batek kudeatzen duelako aurten. Iaz arte tokiko enplegu-planen bidez edo proiektu zehatzei erantzuteko berariazko lan-planen bidez langileak kontratatzen ziren.

Sinesgaitza bada ere, komunen zerbitzua ez zen kontuan hartu 2020ko aurrekontua egitean, eta urtarrileko aurrekontu-eztabaidan EHBilduk gastu hori kuantifikatzeko eta aurrekontuan islatzeko beharraz ohartarazi zuen. Aurrekontu falta horrek erabakia orain alkatetzaren dekretuz hartzea erraztu du. (Kudeaketa txarra edo aurreikusita zegoen murrizketa?) Bata ala bestea, egoera honek nagusienak eta adin txikikoak kaltetzen ditu batez ere. (W.)

430 Ikustaldiak
Partekatu: