Sopela – Plentzia: IZAN BIDEA martxa igandean

Igande honetan, hilak 21, Sopelatik Plentziarainoko IZAN BIDEA martxa egingo da. Martxa honen parte-hartzaileak 11:00etan irtengo dira Sopelako Udaletxeko Plazatik eta 13:00etan helduko dira Plentziako Astillerora, bidean Urdulizko eta Plentziako metro geltokietatik pasatuz.

IZAN BIDEA martxa

IZAN BIDEA preso eta iheslarien etxeratze bidea, elkarbizitzarako bidea eta bakerako bidea osatu nahi den ibiltarion sarea da. Konponbidearen alde kilometroak egiteko batu diren milaka eta milaka herritarrek abiatutako dinamika. Erronka ez da edonolakoa, helburua 3.127.326 km egitea baita, hau da, Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro.

Kilometro hauek oinez, korrika, igerian, bizikletan, dantzan, eskalatzen, piraguan, patinetan egin daitezke, betiere motorrik erabili gabe, eta horretarako hainbat aukera daude: herri eta auzoetan Sarek edota bestelako elkarte edo taldeek antolatutako ekimenetan parte hartuz; lagunartean, erronka txikiak ezarriz edo bakarka ere ekarpena egiteko aukera izango da. Informazio osoa IZAN BIDEA.

Hiru martxa Uribe Kostan.

Halaxe da, aipaturiko Sopelatik Plentziarainoko martxaz gain, igandean ere, beste bi martxa egingo dira eskualdean. Batean Erandioko metro geltokitik irtengo da 10:00etan, eta Astrabudua, Leioa – Udondo, Lamiako, Iturbaltzeta eta Bizkaiko zubitik pasatu ondoren, 13:00etan Ereagan bukatuko da.  Besteak, 11:00etan Berangoko frontoian izango du abiapuntua, eta Algortako Telletxetik eta Portu Zaharretik pasatu ostean,  bat egingo du Ereagan Erandiotik datorrenarekin. (W.)

225 Ikustaldiak
Partekatu: