“UKANen helburua Uribe Kostako gazteok pairatzen dugun prekarizazioa salatzea da”

UKAN gazte prekarizatu antolatuen taldea sortu dute Uribe Kostan bizi eta lan balditzak duintzeko asmoarekin, gazte begirada batez

Zer da UKAN?

UKAN Uribe Kostako Gazte Prekarizatu Antolatuen taldea da, horregatik izen hori: UKAN Uribe Kosta antolatu. Era berean, ukan aditza esanguratsua dela pentsatzen dugu eta berez Uribe Kostan irakurtzen da. Beraz, izenak hiru esanahi barnebiltzen dituela esan genezake. 

UKANen helburua Uribe Kostako gazteok pairatzen dugun prekarizazioa salatzea da eta honen aurka antolatzeko borroka espazioa eskaintzea eta sortzea da, ezinbestekoa ikusten baitugu prekarizazioaren aurkako mugimendu espezifikoa sortzea.

Nola sortu da?

Eraginek eskualdean egindako aurkezpenean, hainbat gaztek Uribe Kostan dagoen egoeraren aurkako erantzunaren beharra zegoela adierazi zutenez, erantzun hori emateko prest egon garen ikuspegi ezberdinetako gazte batzuk batu ginen betiere antikapitalismoaren balorea erdigunean jarriz.

Zer behar ikusten duzue Uribe Kostan?

Antolakuntzarako beharra. Izan ere, gazte langile gehienok partekatzen ditugun problematika orokorretaz gain (lan aldi baterako kontratuak, kontratu bako lanak, praktika edota kontratu bekarioak…), Uribe Kostan testuinguru eta behar espezifikoak ikusten ditugu. Izan ere, hainbat merkatal gune topa ditzakegu zeinetan gazteak lan aldi baterako lan egiten duten edota turismoak sortzen dituen lan prekarizatuak ere azter ditzakegu. 

Lan baldintzaz gain, bizi baldintzetan ere ikus daiteke eragina, hirigintza eredua aldatuz doan heinean aisialdirako eta saretzeko nukleoak desagertuz doazelako komertzio, hotel eta etxebizitzen eraikuntza masiboen artean. Horrela ere, alokairuen eta etxebizitzen prezioen gorakada areagotuz. 

Horregatik, sentsibilizazioa eta antolakuntza ezinbestekoak ikusten ditugu, testuinguru honek sortzen dituen problematikei aurre egin ahal izateko. 

Gazteen lan baldintzak nolakoak dira, orokorrean?

Gazteon lan baldintzak bizitza duinerako aukera faltagatik karakterizatzen dira. Hau da, lehen aipatu bezala, lan aldi baterako kontratuak, kontratu gabeko lanak,  bekario postuak… gazteon bizitzen erdigunean daude. Hortaz, segurtasun sozialik gabeko lanak zeinetan egunen baten gaixotzen bazara egun horretako soldatarik gabe geratzen zaren, egun batetik bestera nagusiak nahi duen lan orduetara moldatzera behartzen gaituzten lanak, lan aldi baterakoak inoiz fijoa izango zaren jakin barik… gure egunerokotasunaren parte dira. 

Ezaugarri horiek hortaz, bizi baldintzetan halabeharrezko ondorioak eragiten dituzte gurasoen etxetik joateko aukera eza edota pisuak partekatzera behartuta sentitzea, besteak beste. Gainera, badirudi asimilazioa gure bidea markatzen duela eta egoera larri hauek guztiz normalizatu ditugula. 

Hala ere, astebete barru zehatzago hitz egin ahalko dugu honen inguruan orain egiten ari garen ikerketa txiki bat dela medio. Bada, hurrengo astean horren emaitzak publikatuko ditugu dagokion analisi politikoarekin batera. 

COVID-19ak eta alarma egoerak zer eragin izan du zuen militantzia esparruan?

Alarma egoera honek militantzia guztiz hankaz gora jarri du. Hasteko, kaleak, leku publikoak eta borrokarako diren ezinbesteko gune horiek erabat militarizatuta egon dira. Horrekin jarraituz, borrokarako espazioak ixteko behartuta egon gara teleasanblada-ren bitartez batzera derrigortu gaituena. Teleasanblada-k harreman pertsonaletaz pribatzeaz gain, gure pribatasunean arrisku handiak sortzen ditu interneten eta gailu teknologikoen bidez jarduten duten kontrolagatik. Gainera, epe labur eta luzerako geneukan plangintza guztia bertan behera utzi behar izan dugu dena berregokituz eta ekintza berriak bai baliabidetara bai egungo egoerak sortutako helburu ezberdinetara moldatuz. 

Hainbat ekintza burutzen ari zarete sare sozialen bidez, ezta?

Momentuz, gure aurkezpenerako bideo eta komunikatu bat atera dugu, galdetegia martxan daukagun bitartean. Halaber, itxialdia baino lehen ekintza berri bat prestatzen genbilen eta espero dugu hemendik epe ertainera aurrera eraman ahal izatea. Plangintza berrira moldatzen garen bitartean eta galdetegiaren dinamika amaitzen dugun bitartean, sare sozialak sentsibilizazioa eta elkartasun keinuak zabaltzeko erabiltzen gabitz gehien bat. 

Nola batu daiteke norbait UKANera?UKANen parte hartzeko hainbat modu daude: ekintza kontretu batzuetan parte hartuz, egoera ezberdinak gurekin partekatuz edota asanbladara batuz. Edozein egiteko, @ukantolatu Twitter, Facebook eta Instagramen bitartez kontaktatu daiteke. Era berean, sare sozial bakoitzean eta ekintza bakoitzean jartzen dugun emailaren bidez ere egin daiteke: ukantolatu@gmail.com

171 Ikustaldiak
Partekatu: