Nork erabaki behar du Sopelako ikastetxe publiko berriaz?

Egunerokotasunera” itzultzen ari garen honetan, osasun krisiak “lozorroan” izan dituen herriko hainbat gai berriro jorratzen ari dira eta haien artean badago Sopelako ikastetxe publikoek duten leku falta; berez gai larria, larriagoa izan daitekeena irailean, 2010-2021 ikasturtearen hasieran, Covd-19ari aurre egiteko har litezkeen neurrien artean gelako ikasle kopurua murriztea aurreikusten baita.

Hiru proiektu: handitzea eta eraikin berriak

Maiatzaren 22an batzartu zen Sopelako Hezkuntza Mahaia herriko alderdi politikoek aurkeztu dituzten proiektuez sakontzen jarraitzeko eta datorren ikasturtean ikastetxeetan Covid-19ak izan dezakeen eragina baloratzeko. Une honetan 3 egitasmo daude mahai gainean: PNVk egungo Zipiriñe handitzea proposatzen du; EHBilduk eraikin berria egitea Loroño inguruan eta DB-TUk institutu berria eraikitzea Loiolan eta Zipiriñeko etapa batzuk Iberrera lekualdatzea. Sopela.net-ek sakon informatu du hiru proiektu hauetaz (irakurri: ikastetxeen leku arazoak konpontzeko proiektuak Hezkuntza Sailaren esku.)

Hezkuntza Mahai honetan parte hartzen dute Zipiriñe eta Iberreko IGEren ordezkariek, ikastetxe biren zuzendaritzek eta herriko talde politikoek.

Sopelak ere erabaki behar du

Apirilean egindako batzarrean, aipatutako hiru proiektuak Hezkuntza Sailaren esku jartzea adostu zen; baina EHBilduk Sopela mailako prozesu parte-hartzaile bat gauzatzea proposatu zuen, hiru aukeren arteko hurrenkera bat egiteko eta ez geratzeko erabakia Hezkuntza Sailaren esku bakar-bakarrik. “Sopelako hezkuntza komunitateak, ezinbestean,  bere iritzia eman behar du nahi duen ikastetxe motaz duen proiektu pedagogikoaren arabera; eta Sopelak ere, herri bezala, bere iritzia eman behar du ikastetxe batek eragina baitu herri kohesioan, ingurugiroan eta herriko hirigintza planean”

Hezkuntza Mahaiaren erabakia: familiek hitza hartzen dute

Maiatzean izandako bilera honetan erabaki zen Zipiriñe eta Iberreko hezkuntza komunitateek hiru proiektuez iritzia emango dutela eta ondorioz Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarriko duela abian ikastetxe hauen familiei zuzenduta iritzia eman dezaten. Prozesu parte-hartzailea diseinatzen hasiko du Udalak, eta hurrengo ekainaren erdialdean hitzartuta dagoen hurrengo Hezkuntza Mahaiaren bileran emandako pausuak aztertuko dira. (W.)

327 Ikustaldiak
Partekatu: