eko denda

“Inoiz baino lan gehiago daukagu eta arinago husten dira baldak”

Konfinamenduaren ondorioz, etxean sartuta daude sopeloztarrak. Berrogeialdiak lau aste bete dituenez, herritarren bizipenak zeintzuk diren partekatzeko elkarrizketen seriea da hau. Igor Anduix Alonso Sopelako eko-dendaren jabea da. Harekin hitz egin du SOPELA.NETek eta dendaren egoera zein den azaldu du.

Zelan zaudete?

Ondo gaude. Inoiz baino gehiago lan egiten ari gara. Uribe Kostako eko-dendan normalean, ni bakarrik aritzen naiz lanean. Orain egoera berri honekin, emazteak tarteka lagundu egiten nau, baina berak ere bere lana dauka honetaz gain. Lanpetuta baina ondo gaude.

Zer denda mota da?

Zortzi urte daramatzagu produktu ekologikoak saltzen eta hauek freskoak diren heinean, egunero ekartzen dizkidate salgaiak. Zaila izaten da normalean baldak betetzea eta denda atenditzea aldi berean. Beti dagoelako norbait dendan. Inoiz baino lan gehiago daukagu eta arinago husten dira baldak.

Hartu duzue neurri berezirik?

Jendeak berak bakarrik hartzen ditu neurriak. Zentzua erabilita. Bi baino gehiago ez dira sartzen dendan eta baimena eskatzen dute hurrengo txandarako. Ilaran jartzen dira eta itxaron egiten dute. Neurriak distantzia, eskularruak eta gela dira. Eskuragarri ditugu azken biak eta jada azken asteetan gogoratu beharrik ere ez da izaten.

Jendeak ondo erantzun du?

Bai. Egoera hauetan erantzuna norberaren izaeraren araberakoa da. Jende guztia ezberdina da baina, ez da tentsio unerik sortu. Orokorrean nahiko ondo daramagu denok, nik uste.

Une gogorrik izan da?

Ez bereziki. Kontua da egoera honetan denoi dagokigula zaurgarrien direnei laguntzea. Beraz, eguerdietan denda itxi ohi dut eta bezero nagusiei nik neuk eramaten diet erosketa. Horretarako gaude, laguntzeko.

Gogotsu zaudete bueltarako?

Bai. Gogotsu gaude normaltasunera itzuli eta uda aprobetxatzeko. Hala ere, momentu honetan, oso ondo lan egiten ari naiz, inoiz baino gehiago, eta urtea salbatzen ari gara. Nekatuta gaude, baina, ondo gaude.

416 Ikustaldiak
Partekatu: