”Egoera honek bereziki eragiten digu bakarrik bizi garenoi”

Konfinamenduaren ondorioz, etxean sartuta daude sopeloztarrak. Berrogeialdiak lau aste bete dituenez, herritarren bizipenak zeintzuk diren partekatzeko elkarrizketen seriea da hau. Pilar Ornes bakarrik bizi den pentsioduna da. Harekin hitz egin du SOPELA.NETek eta hilabete honetako gorabeherak kontatu ditu.

Zelan zaude?

Osasunez ondo nago.

Laguntzarik edo nolabaiteko zaintzarik daukazu?

Bai. Alabek zenbait erosketa ekartzen dizkidate, bestea nik egin ohi dut. Supermerkatuko, harategiko eta arraindegiko gauzekin laguntzen didate gehienetan, bestea nire kabuz egiten dut. Haiek egiten dute ni etxetik irten ez nadin, normalean laguntzarik ez baitut behar. Jainkoari eskerrak, autonomia osoa daukat.

Hala ere, irtetzen naizenean, neurriak hartu ohi ditut. Eskularruak eta maskarilla jartzen ditut eta ilaretan bi metroko distantziara egoten naiz jendearekin, eta ahal izanez gero gehiago.

Nola daramazu ingurukoen kontakturik eza?

Txarto, oso txarto. Batez ere gogorra da norbait etxera datorrenean estualdi bat eman ezin izatea. Horri ezin diot eutsi. Negarrez hasiko nintzateke, baina, epe baterako dela pentsatzen dut eta listo. Ondo gauden bitartean, aurrera.

Une txarrik izan duzu?

Gogorrik ez, baina batzuetan beherakadak izaten ditut. Ea, egoera honek bereziki eragiten digu bakarrik bizi garenoi. Kontaktua behar dugu gutarrekin. Baina dena iritsiko da eta topera laztanduko dugu elkar.

Eta onik?

Ia ezer onik izan dudan? Bat ere ez. Berezkoa dudan arren baikortasuna. Nahiz eta gauetan bideo deiak egiten ditudan eta nahiko barregarria izaten den.

Gogotsu zaude bueltarako?

Bai, nola ez. Baina, ziurgabetasun hau latza da.

Gogoa daukat, tarte batez bada ere, hondartzara joan eta han egoteko olatuak ikusten. Gogoa daukat familiarekin egoteko, hori da egunero egin nahiko nukeen zerbait. Beldurrik gabe kaletik paseatzeko, familiaz eta lagunez gozatzeko eta denekin kanpora bazkaltzera joateko ere bai. Edozein leku da ona elkarrekin baldin bagaude eta bizitzen uzten baldin badigute.

623 Ikustaldiak
Partekatu: