“Oso ondo daramagu. Gakoa entretenituta egotea da”

Konfinamenduaren ondorioz, etxean sartuta daude sopeloztarrak. Berrogeialdiak lau aste bete dituenez, herritarren bizipenak zeintzuk diren partekatzeko elkarrizketen seriea da hau. Oier Nuñez Ruiz eta bere familiarekin hitz egin du SOPELA.NETek. Familiak egunerokotasuna nola daraman kontatu du.

Zenbat zarete etxean?

Guztira lau.  Ama, aita, alaba eta semea.

Zelan zaudete?

Osasunez denak ondo. Egoeragatik arduratuta, baina beldurtuta inolaz ere. Beste gauza askoren artean, birusa (Covid-19a) sortu dutenen helburuetako bat beldurra hedatzea da gizartean. Gurekin, bederen, ez dute lortu.

Nola daramazue itxialdia? Zer egiten duzue etxean?

Oso ondo daramagu. Gakoa entretenituta egotea da. Hamaika saltsatan sartuta gaude. Amak eta biok goizetan lan egin ohi dugu. Hala ere eguna berehala pasatzen da sukaldatzen, etxea garbitzen, erosketak egiten, umeekin jolasten, telebista ikusten eta euskera sustatzen. Umeak goizetan berandu itzartzen dira, marrazki bizidunak euskaraz ikusten dituzte, etxerako lan batzuk egin eta arratsaldean gurekin edota euren artean olgetan dute. Mahai jokoak, antzerkiak, ohean saltoak, paletan eta abar. Batzuetan, ordea, balkoian lasai egoten ere eskatzen diegu, ezinbestekoa da eta.

Ondo moldatzen ari zarete?

Ederto baten. Gure harremana oso estua da eta ez daukagu inongo arazorik. Etxe guztietan bezala momentuko tirabirak izaten ditugu, baina, elkarrekin oso pozik gaude.

Une gogorrak izan dira?

Ikuspuntuaren arabera. Alde batetik, oraindik baieztatuta egon ez arren pertsona jakin batzuen interesengatik herritarrak hiltzen ari direla ikustea oso gogorra da. Ni bederen, birusa sortu dutela erabat konbentzituta nago. Gainera, amorrua ematen dit egindakoagatik ordainduko ez dutela pentsatzeak. Herritarrok bizi duguna oso tristea da. Erantzukizunak eskatzeko eta justizia egiteko borrokatu beharko genukeela uste dut, hildakoez hitz egiten ari gara. Herriak inondik ere ez luke hori onartu behar. Bestalde, arlo pertsonalean gure kasuan ez da gogorra izaten ari. Familia giroan gozatzen gabiltza. Hausnarketarako beta ere izan dugu. Esaterako orain arteko bizi ohitura zentzugabean asko pentsatu dut edota gorputzean sartzen dugun elikagai kutsakorrean. Kapitalismoa zer den ikusteko balio izan dit.

Une politak?

Animalia basatiak behinola izan zuten askatasuna momentu batez berreskuratu dutela ikusteak itzeleko bizipoza eman dit. Mundua guretzat gelditu egin da, baina, naturak inoiz baino indartsuago eta osasuntsuago egin du aurrera. Honek erakutsi digu kaltegarriak garela eta ez garela ezinbestekoak. Kalera irtetean, natura zaintzeko neurri zorrotzak hartu beharko genituzkeela uste dut.

Gogotsu bueltarako?

Mundua berriz ere kutsatuko dugula eta animaliek gure jazarpena berriz ere sufrituko dutela pentsatzeak nagia eta tristura ematen dit. Nire lana mendiarekin eta umeekin lotuta dago, oraintxe bertan uda sasoian mendian egiten ditugun egonaldiekin ametsetan nabil. Nahi adina edukitzeak edota urrunera egindako bidaiek ez digute zoriontasuna ematen, zoriontasuna beste gauza bat dela uste dut.

440 Ikustaldiak
Partekatu: