Sopelak: ikastetxeen leku arazoak konpontzeko proiektuak Hezkuntza Sailaren esku.

Apirilaren zazpian Sopelako Hezkuntza Batzordea elkartu zen. Batzorde honetan parte hartzen dute IGEren ordezkariek, Zipiriñe eta Iberreko zuzendaritzek eta herriko talde politikoek. Bilera honen bidez irtenbidea eman nahi zitzaion herriko ikastetxeek duten leku arazoari eta Hezkuntza Sailari proposamen komun bat helaraztea.

Irtenbide bat aurkitzeko asmoz, azken urte hauetan hainbat proposamen mahairatu dira, jarraian haien ezaugarri nagusiak laburtzen ditugu. Astearteko bilera honetan adostu zen proposamen batzuk (ez guztiak) Hezkuntza Sailari aurkeztea honek erabaki dezan.

Proposamenak, azalpenak, aldeko eta aurkako argudioak

Loroñoko proposamena

Haur Hezkuntzarako eraikin berria proposatzen da Loroñon, egungo aldiriko parkinga dagoen tokian. Proposamen honek abantaila ditu: eraikin berriak amaiera emango lioke gaur egun Zipiriñek duen masifikazioari; kokapena egokia da herrigunetik, Zipiriñetik eta eraikiko den gune kultural berritik gertu. Parkinga ere beheko planta batean manten liteke. Zailtasunen artean, eraikin berri bat eraikitzeko epea luzeago dela aipa daiteke. Proposamen hau EHBilduk egin zuen eta honekin batera Iberreko institutuaren handitzea eskatzen zen Abaroko lurretan zuzkidura publikoetara lursailak aurretiaz hartuz (cesion anticipada de terrenos) 2013an EHBilduko alkatetzak Abaroko jabeekin sinatu zuen bezala.

San Andreseko proposamena

Kanpinga eta San Andres baselizaren arteko lur sail “libre” batean institutu berri bat eraikitzea proposatu da. Ondorioz, Iberre hutsik geratuko zenez, Zipiriñeko ikasleak etapaka ikastetxe biren artean banatuko lirateke. Proposamen hau EAJk egin zuen eta aldeko argudioa da lur sail hau udalarena dela, beraz hasteko egin beharreko tramiteak arinak direla. Aldeko argudio hau izan ezik, gainontzeko ezaugarriak aurkakoak dira: urrun herrigunetik, errepide arriskutsuak, kostaldean eraiki… Hau da Hezkuntza Sailari helaraziko ez zaion proposamena.

Loiolako proposamena

Larrabasterra eta hondartzen arteko lur sail batean institutu berri bat eraikitzea proposatzen da, eta aurreko proposamenean azaldu den bezala, Iberre hutsik geratzean, Zipiriñeko ikasleak Zipiriñe eta Iberre artean banatuko dira. Uler daiteke, bai proposamen honetan zein aurrekoan, lanak egin behar direla Iberre egokitzeko egun ikasketa ertainak dituen ikastetxea haur edo lehen hezkuntza ikastetxe bihurtzeko. DB-TUk egindako proposamen honen zailtasuna da aurretiaz zenbait lur sail batzuen elkarketa egin behar dela, honek dakartzan hirigintza arazoekin, eta gainera elkartu beharreko lur sail horietariko batean BOE (Babes Ofizialeko Etxeak) aurreikusten dira.

Egungo eraikina handitu

Proposamen honek egungo eraikina handitzea eta jolas gunea Goiene kalean zabaltzea eskatzen du. Proposamen hau arinena izan daiteke gauzatzeko, handitze soil bat delako eta ez eraikin oso bat; dena dela, ikasgelak eta areto osagarriak gehiago izan arren, ikasle kopurua mantenduko zen gune bertsuan, beraz ez zen masifikazioa guztiz ekidituko. Honez gain, ez da erraza eskola egutegia eta lanak bateratzea. Proposamen hau egungo EAJren alkatetzak egin du.

Eztabaidatu zen

Eztabaida, beraz ez zen izan proposamen bat edo bestea onartzea, hiru jarri baitira Hezkuntza Sailaren esku. Tirabirak suertatu ziren, EHBilduk onartzen zuelako Hezkuntza Sailak erabakitzea eraikinaren ezaugarriak, baina ez bere kokapena, Sopelako hirigintza arloko erabakiak Sopelako udalak hartu behar dituelako. Halaber Hezkuntza Departamenduaren konpromisoa eskatu zuen egitasmo hau era ofizialean jasotzeko Azpiegitura Egtasmoan. (W.)

306 Ikustaldiak
Partekatu: