´´Tristea da gogor lan eginez lortutakoa pikutara joaten ikustea´´

Konfinamenduaren ondorioz, etxean sartuta daude sopeloztarrak. Berrogeialdiak lau aste bete dituenez, herritarren bizipenak zeintzuk diren partekatzeko elkarrizketen seriea da hau. Urko Fulgencio Fernandez Pilotaleku Tabernaren jabea da. Harekin hitz egin du SOPELA.NETek eta itxialdiaren gorabeherak kontatu ditu.

Nola daramazu konfinamendua?

Nahiko ondo. Familiarekin gozatzen, batez ere lau hilabeteko semeaz. Taberna barikuan (martxoak 13) ixtea erabaki nuen egoera konplikatua zela ikusita. Onena izango zelako bai inguruko jendearentzat eta baita familiarentzat ere. Beraz, egun horretatik daramagu itxita eta ondo daramat. Banekielako hasiera hasieratik hau oso gogorra izango zela. Eta hala da, duda eta ezegonkortasun handiko garaia.

Zer eragin izan du zuretzat taberna ixteak? Erabakiren bat hartu behar izan duzu egoerari aurre egiteko?

Putada itzela izan da eta kolpe ekonomiko izugarria. Hasieran pentsatu nuen lagunak ere badiren langileei 15 eguneko oporrak ematea. Baina, egoera okertzen eta luzatzen hasi zela ikusita, gestoreak eta biok erabaki genuen aldi baterako erregulazioa egitea.

Uste dut, putada handia dela langileentzat. Baina, nik ezin nuen gehiago egin. Irabazirik ez dagoelako eta gastu asko dagoelako: autonomoen tarifak, langileen gizarte segurantzak, hornitzaileen fakturak, alokairuak, gestoriaren gastuak eta abar. Beldurra ematen dit kontua (korrontea) zabaltzeak. Tristea delako gogor lan eginez lortutakoa pikutara joaten ikustea.

Honetaz gain, gainera, etxeko gastuak ordaindu behar ditugu. Biztanle guztien antzera. Eta momentuz, ez dut inolako sarrerarik eduki. Autonomoak izanda ez dut laguntza handirik espero, egia esan. Autonomo garenok ez dugu borroka hau irabaziko.

Prest al zaude bueltarako?

Guztiz, energiaz beteta nago horretarako. Niretzat, komertzio txiki gehienentzat bezala, uste dut zerotik hastearen antzekoa izango dela. Beraz, energia, esfortzu eta baikortasunez hartu ezean, hondoratu egingo gara. Kontu handiarekin ibili beharko gara hasieran eta bereziki garrantzitsua dena, azpiegiturak desinfektatu beharko ditugu.

Ez dut buruan inolako ospakizunik egitea. Ospakizun onena kuadrillakoak, lagunak, bezeroak eta Sopelako jendea berriz ikustea izango baita. Besarkada bat eta eutsi gogor!

1.761 Ikustaldiak
Partekatu: