Sopela: Udalak gune komertzial baten eraiketa onartu du

Sopelako udalak gune komertzial baten eraiketa onartu du Bareño auzoko 2.869 m2-ko lursail batean, B-637 errepidearen ondoan, Barrikako norabidean eta babes ofizialeko etxebizitzen eta Sopelako erdigunea eta hondartzak lotzen dituen pasabidearen artean.

“Xehetasun-azterlanean” 3 solairuko eraikin komertziala aurreikusten da: 94 plazako lurpeko aparkalekua, beheko solairu bat eta lehen solairu bat. Guztira, aparkalekurik gabe, 3.050 m2 eraikigarri izango lirateke merkataritza erabilerarako

DB-TUren jarrera ezinbestekoa proiektua onartzeko

EAJk eta PSEk baiezko botoa eman zioten proiektuari, EHBilduk eta Elkarekin-Podemosek ezezkoa, beraz berdinketa 8 bototan. DB-TUko zinegotzia den Jon Andoni Gerediaga abstenitu zen eta abstentzio honek bideratu zuen proiektua aurrera ateratzea Alkatearen kalitate botoari esker berdinketa ematen den bozketan. Gogoan har dezagun DB-TUren abstentzioak ere ahalbideratu zuela PNVren alkatetza horretarako akordioa sinatu baitzuen.

EAJ eta PSE alderdiek adierazi zuten oraindik ez dakitela lursail horri emango zaion erabilera komertziala zein izango den, planoetan eraikinaren dimentsioa argi eta garbi agertzen den arren. Orube horretan BM supermerkatu bat eraikitzearen inguruan Sopelan zehar dabiltzan zurrumurruei garrantzia kendu zieten.

EHBilduk eta Elkarrekin-Podemosek ezezkoa eman zuten. EHBilduk proiektu honek Sopelako merkatari txikiengan, inguruko trafikoaren gorakadan eta  ondoko eraikinetan izan ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi zuen. “Ezagutzen dugu Berangoko merkataritza guneek herriko merkataritzan eta trafikoaren bolumenean izan duten eragin negatiboa, ez Sopelan bakarrik, baita Uribe Kosta osoan ere. Sopelak antzeko zerbait behar al du?” galdetu zuen EHBilduko bozeramaileak.

Koronabirusaren krisiaren bete-betan onartu, eta Sopelako merkatarien iritzia jakin gabe.

Udal osoko bilkura martxoaren 26an egin zen bideokonferentzia bidez, eta EHBilduk galdetu zuen ea zein den Sopelako merkatarien elkarteak duen iritzia proiektuari buru. Gobernu-taldeak erantzun zuen ez zirela harremanetan jarri elkarte horrekin. Proiektua TANDEM arkitektura bulegoak garatu du, EXCAVACIONES VIUDA DE SAINZ, SA eraikuntza enpresaren enkarguz. Viuda de Sainz SA, halaber, Kosta Bareño S.A.ren jabea da.

319 Ikustaldiak
Partekatu: