Sopelan ere Zaldibar argitzeko eskaera

Orain dela hilabete oso bat, otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zen: kraskatu eta amildu egin zen. Hainbat egunetan albiste honek telebista kate guztien informatiboak zabaldu zituen eta egunkari guztietako lehen albistea izan zen.

Denbora aurrera doa, gaurkotasuna atzera, eta orain guztion ahotan dagoen gaia Koronabirusa da (ulergarria da); baina ezin da ahaztu, ezin dugu ahaztu, istripu hartan bi pertsona hil zirela eta hilabete oso honetan oraindik ez dituztela aurkitu, haien gorpuak desagertuta daudela.

Elkarretaratzea

Estali eta ezkutatu nahi diren ardurak exijitzeko, Zaldibarren benetan zer gertatu zen argitzeko, Joaquín eta Alberto gogoan izateko… elkarretaratzea deitu du Sopelako bizilagun talde batek bihar, martxoak 12, arratsaldeko 19:00etan. Elkarretaratzea banketxeen aurrean, (Doktor Landa eta Akilino Arriola kaleen kantoian)

Sopelan ez ezik, Uribe Kostako beste herri batzuetan ere elkarretaratzeak egingo dira: Algortan (Telletxen 19:00etan) eta Leioan (Bulebarrean 20:00etan) (W.)

194 Ikustaldiak
Partekatu: