Sopela Zipiriñe

Zipiriñe: mobilizazio gehiago

Berriro irtengo dira kalera Zipiriñeko familiak

Zipiriñeko familiak berriro mobilizatuko dira ikastetxeak dituen leku-arazoengatik. Mobilizazio hauen bidez udalari exijitu nahi diote lehenbailehen lor eta eskain diezaion lur-sail bat Eusko Jaurlaritzari, honek bigarren ikastetxe bat eraiki dezan.

Azken urte hauetan hainbat mobilizazio gauzatu dute Zipiriñen, eta gaur (otsailaren 28an, ostirala) eskolako familiak berriro irtengo dira kalera 16:45an, eskola orduak bukatutakoan. Eskolatik manifestazioan abiatuko dira udaletxeko plazaraino, 17:00etan gutxi gorabehera, bertan elkarretaratzeko. Azken urte hauetako masifikazioak eragindako leku falta salatzeaz gain, udalari eskatzen diote arin ditzan lanak lur-sail bat Eusko Jaurlaritzari esleitzeko eta bertan bigarren eraikin bat egin dezan. Manifestazioa baino lehen, guraso talde batek parte hartu du otsailaren 27ko Udal Osoko Bilkuran zinegotzi guztiei zuzen-zuzenean jakinarazteko dituzten ardurak eta beharrak. (Argazkian 2019an egindako mobilizazioa)

Zipiriñeko egoera larria: lekurik ez, masifikazioa

Zipiriñek 925 ikasle ditu, Haur eta Lehen Hezkuntzan 44 ikasgelatan banaturik. Ikasle kopuru honi erantzun ahal izateko zenbait gune pedagogiko komun bertan behera geratu dira, hala nola laborategia, hizkuntza gela, ikus-entzunezkoa,  psikomotrizitatearena…  eta ikasgela “arrunt” bilakatu. Honez gain 2 barrakoi ezarri dituzte. Masifikazio honek eguneroko ohiko klaseetan ezik, badu eragina ere beste oinarrizko zerbitzu batzuetan: jolas orduetan haurren pilaketak, jantokiko txanden denboraren murrizketa e.a.

Zipiriñe eskolako guraso ordezkariek gogorarazten dute 2018ko udal aurrekontuetan iragarri zela bi milioi euro erabiliko zirela lur-sail bat erosteko eta Eusko jaurlaritzaren esku uzteko. Bi urte igaro ondoren ez dago lur-sail horren berririk. Hain zuzen ere, Udalaren Gobernu Taldeak (PNVk) partzela bat saldu zuen Asu eskualdean, hondartzatik gertu, milioi batean eta bertan aterpetxe pribatu bat eraiki da. Diru horrekin, haatik, ez da inolako lur-sailik erosi ikastetxe berriari eskaintzeko. (W.)

Irakurri…  Sopela: EHBilduk ikastetxe berri bat proposatzen du Loroñon.

294 Ikustaldiak
Partekatu: