13an elkarretaratzea Sopelan: Egia osoa argitara!

Torturaren inguruko egia osoa argitara atera dadin eskatzeko, Sortuk mobilizazio batera deitu du urtarrilaren 13an, 19:30ean, banketxeen gurutzean: Akilino Arriola eta Landa Doktorea kale kantoian. Otsailak 13, torturaren aurkako eguna da; egun hartan, duela 39 urte, Espainiako poliziek Joxe Arregi hil arte torturatu zuten. Deialdiarekin batera ezagutzera eman duen prentsa-oharrean Sortuk azaltzen duenez “herri honetan, minarekin batera bizitzen ikasi behar izan dugu. Guardia Zibilaren, Espaniako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan noizbait egin ziguten min infinitua ez da sendatu: barru-barruan gurekin daramagu. Noizbait iraindu egin gintuzten, umiliatu, mespretxatu, gutxietsi, ukitu, ito, jo, bortxatu… eta gure arteko zenbait hil ere egin zituzten. Hutsaren hurrengoa sentitu ginen, baina zauri guztiekin burua altxa eta aurrera egiten ikasi genuen. Beti ere minez, baina gure herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzeko gai izan ginen.”

9 sopeloztar torturatuak, osotara 5.655 lagun torturatuak

Euskal Memoriaren fundazioak emandako datuen arabera, 9 sopeloztarrek jaso dute tortura. Erakunde abertzalearen aburuz, “herri honetan, tortura arma aski sofistikatua izan da euskal independentismoaren aurka jarduteko. Arma sistematiko eta sistemikoa. Funtzionatzeko, sare kafkiar bat antolatu zuten, beren arduradun politiko, instituzional, polizial, mediko, judizial eta mediatikoen inplikazioz. Baina 5.655 laguni egin digutena ez omen da gertatu; geure burutazioa baino ez omen da. Eta geure mina areagotu duena horixe da azken batean, aitortza gabezia hori. Zeren eta gurekin daramagun mina sekula desagertuko ez bada ere, gertatutakoa argitara ateratzeak zama astun hau nabarmen arindu lezake.”

Egia osoa argitara emateko bide luzea geratzen dela ere ohartarazten dute: “Eusko Jaurlaritzak egin zuen lehen urratsa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuak EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuaren bidez ikertzeko eskatzean, Pako Etxeberriaren gidaritzapean. Nafarroan, ausardia eskatu genion Barkosen Gobernuari bide bera jorra zezan baina ez zuen behar besteko adorerik izan presioei aurre egiteko. Konstituzio Auzitegiak Polizien biktimen foru legea indarrik gabe utzi bazuen ere, orain Chiviteren Gobernuari eskatzen diogu gaiari modu serioan heldu diezaion.”

Horrekin batera, Sortuk salatzen du Espainiako kartzeletan dauden berrehunen bat preso politikoetatik 120 torturatu egin zituztela atxilotu zituztenean eta horiek guztiak kalean egongo liratekeela Istanbulgo protokoloan oinarrituz, trantsiziozko justizia aplikatuta. “Hori egitea, sakonean, torturatu egin dela onartzea litzateke, aitortzarako bidean beste pauso bat. Zenbat min arindu daitekeen horrela! Baina hemen, kuarteletan, komisarietan, ez omen da deus gertatu. Torturak inpunitate osoa izaten jarraitzen du, eta torturatzaileak kategoriaz igo ez ezik kondekoratu ere egin dituzte kasu askotan”, gaineratu dute.. “Azken batean, torturak eragin digun mina icebergaren tontorra baino ez dela” azpimarratzen dute. Ezen, beraien ustez, “torturaren existentzia isilaraziz, sakonean gatazka politiko bat ezkutatzen ari dira. Modu horretan, fikziozko errelato bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten mina betikotzeko”.

Azkenik, egia osoa argitara ematea behar-beharrezkoa duela berretsi dute, “ez bakarrik gure mina arintzeko, baizik eta herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko ere. Sufrimendu batzuk ukatzeak gatazkara gehiago katramilatzen gaitu eta gatazka betikotzen du. Gure seme-alabek oinordekotzan ez dezatela gure mina jaso, bakean eta aske bizi den herri bat baizik.”

148 Ikustaldiak
Partekatu: