Sopela alkate eta zinegotziak

Sopela: sekulako argazkia herri kontsultaren alde

Behean erdaraz – abajo en castellano

Sopelako gaur eta atzoko alkate eta zinegotzi  talde handi bat bildu da gaur, hilak 29, Udalaren aurrean Gure Esku Dago herri ekimenak Maiatzaren 7rako deitu duen herri kontsulta babesteko eta bultzatzeko. Bertaratutakoen artean Sopelan 1983tik 2015era arteko alkate guztiak zeuden: Jose Antonio Torrontegi (PNV), Jose Luis Gutierrez (PNV), Ander Urrutia (PNV), Imanol Garai (PNV) eta Saioa Villanueva  (EHBildu).

Burujabetasunaren defentsa

Guztion izenean Jose Antonio Torrontegik (PNV) eta Jone Aurrekoetxeak (EHBildu) testu bat irakurri dute eta historian zehar gure arduradunek EuskaI Herriarentzat burujabetasunaren eskubidearen defentsa egin dutela beti nabarmendu dute, gogoan izanik 1931ko apirilaren 20an Antonio Aretxabaleta Sopelako alkate zela, Sopelako udalak bat egin zuela Bizkaiko alkateek Batzar Nagusietan hitzartutako adierazpenarekin, zeinetan, besteak beste, Euskal Errepublika onartzea eta proklamatzea, eta horren haritik, autodeterminazio eskubidea errespetatzea eskatzen zen.

Aldarrikapen historiko honekin bat eginez gaurko ekitaldian bertaratutakoek deia egin dute herritarrek MAIATZAREN 7an burutuko den herri galdeketan parte hartzeko.

Maiatzaren 7an Herri Galdeketa

“Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?” galderari erantzun ahal izango diogu Sopelako herritarrok datorrem igandean, maiatzaren zazpian, eta horretako Gure Esku Dagok hainbat hautesontzi ipiniko ditu Sopelako udaletxeko plazan eta Larrabasterrako Urgitxieta plazan.

 

 

208 Ikustaldiak
Partekatu: