EHBildu, Mankomunitatea

Uribe Kostako EHBilduk hausnarketa eskatu du Mankomunitatearen inguruan

EHBildu, MankomunitateaUribe Kostako Mankomunitatea oraindik osatu ez den arren aurreko legealdian emandako hainbat arazo errepika ez daitezen, EHBilduk Mankomunitatearen egituraren inguruan hausnartzeko deia zabaldu du, eta horretarako idazki bat aurkeztu zuten atzo goizean (hilak 15) Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz herrietako hainbat zinegotzik.

EHBilduk ezinbestekoa ikusten du, Mankomunitatearen egitura eta helburuen inguruan eztabaida zabaltzea. “Indarrean dauden estatutuak erabat zaharkituak daude, ez diote errealitateari erantzuten eta Mankomunitateak dituen helburuak eta kudeatzeko era ez daude askoz hobeto. Udalek egiten duten ekarpena eta jasotzen dutenaren arteko zerbitzuen neurria ez dago batere argi eta birpentsatu beharra dagoela uste dugu”.

Aldi berean, Mankomunitatea erakunde ezezagun eta itxi batean bilakatu da. Herritarrek oro har ez dute ezagutzen eta Osoko Bilkuratik at dauden zinegotziei ere, parte-hartzeko aukerarik ez zaie ematen. Zentzu honetan, Mankomunitatearen gardentasun falta oso nabarmena dela azpimarratu du EHBilduk: “behar-beharrezkoa da antolatzeko eta egituratzeko eredua goitik behera aldatu eta eskualdeko errealitatera egokitzen hastea”.

130 Ikustaldiak
Partekatu: