Pregoia Larrabasterra

Pregoia LarrabasterraJaien alaitasunean murgildurik, agian lagun askok ez zuten ondo entzun Meñakoz Kultur Elkarteak irakurritako pregoia: hona hemen hitzez hitz:

 

Larrabasterra, gure eguna heldu da! Gora Larrabasterrako jaiak! Gora Larrabasterra!

Sopelako Jaietan naturari gorazarre egin genion. Aurtengo Larrabasterran, euskal kulturaren garrantzia azpimarratu nahi dugu! Horretarako, hemen gaude “Meñakoz, Herria eta Kultura” elkartea osatzen dugun hainbat talde, kultura babestea natura babestea bezain beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Sopela Kantari, Sopelako Panderojoleak, Meñakoz eta Eguzkilore dantza taldeak, Berbalagun Familiarra eta hitzaldi mamitsuak antolatzen dituzten ekintzaile finak… guztiok batera ozenki oihuka dezagun: gora euskara! gora euskararen herria!

Jaietan murgildu nahi dugu, giro euskaldun, parekide, herrikoi eta parte-hartzaile batean. Aurten ere, denon artean, jai koloretsu eta garbien aldeko apustua egingo dugu, auzokideenganako errespetua eskatuz. Horrez gain, jaietan  zehar gerta litezkeen erasoak prebenitzeko lan egingo dugu, eta edozein motako jazarpenak gaitzetsiko ditugu. Horrela, Sopelako Jaietan gertatutako eraso xenofoboa errefusatzen dugu: arrazakeriari ez, emakumeen aurkako erasoei ez!

Ezin ahaztu jasaten ari garen eraso judizialak: Mikelats herriko taberna utzi nahi digute. Herriko tabernak libre eta zabalik! Herrian Libre dinamikan parte hartzen dutenei ere gure babes osoa eskaini nahi diegu. Euskal Eragile Internazionalisteei, gure elkartasuna. Gure atxikimendua, Gure Esku Dago ekimenari: zabal dezagun erabakitze eskubidearen aldeko egarria Larrabasterrako Jaietan ere. Jaietako hasiera hau, aipatu ditugun horiei guztiei eskaini nahi diegu!

Azkenik, herriko Jai Batzordeari eskerrak eman nahi dizkiogu, Larrabasterrako Jaiak biziberritzeko eta indartzeko egin duen ahaleginagatik. Beste hainbat urtez jarrai dezala jai herrikoi eta partehartzaile batzuen alde! Hamaika mila esker zuei, zuek barik jairik ez!!

Larrabasterra… jaiak goza ditzazuela espero dugu, herriko bazter guztiak umore onaz betez, urrun dauden horiei ere irits dakien gure alaitasuna!

Gure eguna heldu da! Gora Larrabasterrako Jaiak! Gora Elkartasuna Libre!!!

40 Ikustaldiak
Partekatu: