birziklatu

birziklatuOso datu kezkagarriak argitaratu ditu Sopelako Udalak herriko birziklatze tasaz.

Sopelako birziklatze-tasa Bizkaiko baxuenen artean

Sopelako birziklatze-tasa Bizkaiko baxuenen artean dago bosgarren edukiontzia izan arren. Hain zuzen ere, Sopelako birziklatze tasa %16,85ekoa da. 2012. urtean Sopelako herritarrek hondakinen %16,48 birziklatu zuten eta 2013. urtean, bosgarren edukiontziarekin, %16,85, hots, ia balora ezina den %0,37 gehiago. Sopelan bakarrik 824 familiak jaso dute materia organikoaren kit-a, alegia, Sopelako etxebizitzen %13,50 besterik ez.

Datu hauek oso urrun daude markatutako helburu guztietatik, esate baterako, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2005-2016 Plan Integralak aurreikusten du Bizkaiko udalerriek %31ko birziklatze-tasa izan beharko dutela 2016. urtean, eta Europako Kontseilu eta Parlamentuko 98/2008 arauaren arabera, 2020. urtean zehaztutako kopurua %50eko tasa da.

Gaur egun, Sopelak edukiontzietan oinarritutako birziklatze-sistema du. Hau da, modu boluntarioan, auzokideek erabaki dezakete zein edukiontzitan botako dituzte euren hondakinak: errefusa, papera, plastikoa, beira, erropa, diskak, pilak, e.a. Sistema hau Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak kudeatzen du.

GUTXI birziklatu, ETA gainera TXARTO

Hau gutxi balitz, esan behar da azken asteetan bosgarren edukiontzian jasotako hondakinak zuzenean Zabalgarbira eraman direla, eta ez direlako konposterako erabilgarria izan. Izan ere, Artigasek Sopelan bosgarren edukiontzian jasotako hondakinak ez ditu onartu, onargarriak ez direlako (mota guztietako hondakinak jaso dira bertan, plastikoak, ontziak, beirak, alfonbrak, e.a.).

Bilera irekia

Datu hauen aurrean, Sopelako Hondakinen Kontseiluak hausnarketa sakona egingo du eta bere hurrengo bilera irekia azaroaren 13an izango da, 19:00etan Kurtzio Kultur Etxean, eta  interesa duen edozein auzokidek parte har dezake. Hondakinen  Kontseilua herriko elkarte eta alderdi politikoek osatzen dute

109 Ikustaldiak
Partekatu: