palestina

Sopelako Udal Gobernuak Palestinarekin bat

palestina

 

 

Sopelako Udal Gobernuak elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari, hori dela eta Gazaren kontra burutzen ari diren erasoak bertan behera utz daitezela eskatzen du eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die herritarrei. Hau guztia adierazteko Palestinako bandera jarri da udaletxeko balkoian.

 

 

Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen, ehunka lagunen atxiloketa, milaka etxeen miaketa, suntsituak izan ez direnean, eta hamarnaka palestinar erailketa (haurrak barne), orduz ordu hasten doan heriotzaren balantze bat osatuz.

Eskalatze militarrak gora egin du azken orduotan, gaueko bonbardaketekin, mugan tanke eta soldaduen metaketarekin eta Gazatik Israelera jaurtitako misil eta suziriekin batera.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. Ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da, honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzen.

Horregatik, Sopelako Udal Gobernuak bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten dugu. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere.

Hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, Israelek ulertzen duen moduan, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.

Nazio Batuek onartutako mugak dituen estatu palestinar bideragarri baten aitortza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau.

Sopelako udal osoko bilkurak bat egiten du.

Sopelako Udal osoko bilkurak Palestinako herriaren aurka Israelgo estatua burutzen ari den suntsiketa eta okupazio operazioa gelditzearen aldeko adierazpen instituzionala onartu du egindako udal bilkuran.

Adierazpena alkatetzak aurkeztu zuen, eta hiru alderdi politikoren emendakinak jaso zituen: Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE. Hiru alderdi hauen emendakinak onartu ostean behin-betiko testuak hiru alderdi hauen aldeko botoa jaso zuen: Bilduren 7 zinegotziak, EAJ-PNVren zazpi zinegotziak eta PSE-EEren zinegotzi biak. PPko ordezkari bakarrak kontra bozkatu zuen. Beraz, aldeko 16 boto eta kontrako boto bakarra egon zen.

47 Ikustaldiak
Partekatu: