Hondakinen arazoak izan ditzakeen konponbideei buruzko mahai-ingurua Sopelan

 

 

 

 

Asteazken honetan, martxoak 26, 19:00etan Kurtzio Kultur Etxean, hondakinen arazoak izan ditzakeen konponbideen inguruko mahai-ingurua egingo da, Sopelako Hondakinen Kontseiluak (SHK) antolatuta.

 

 

 

Mahainguruan parte hartuko dute: 1.) Fernando Mijangos (EHUko irakaslea) Hondakinen kudeaketa eraginkorra eta ereduen arteko konparaketa. 2.) Ainhoa Intxaurandieta (Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoa): Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua eta 3.) Roberto Galdós (Ekologistak Martxan): Hondakinak kudeatzeko Bizkaiko eredua. Sopelako udalak jakinarazi du harremanetan egon direla Bizkaiko Foru Aldundiarekin, mahai-inguruan euren parte-hartzea konfirmatzeko, baina ez dela posiblea izan euren presentzia ziurtatzea.

Sopelako datuak

Mahai ingurua baino lehen, Sopelako Hondakinen Kontseiluako kideen aurkezpen laburra egingo da, egindako lana eta helburuak azalduz eta ostean, Sopelako gaur eguneko datuak azalduko dira: zenbat hondakin sortzen den, zer nolako birziklatze-tasa dagoen herrian, beste udalerri batzuekiko konparaketa e.a.

Orain arteko ekimenak eta irteerak

Urtebete igaro da SHK Sopelako Hondakinen Kontseilua lanean hasi zenetik. Kontzeilua herriko elkarte eta alderdi politikoek osatzen dute, eta hondakinak ahalik eta ondoen kudeatzeko asmoz, hainbat kanpaina abiatu ditu hiru R-en filosofian oinarrituz: gutxitu, berrerabili eta berziklatu. Filosofia honen baitan egon dira, besteak beste, herriko komertzioetan tupperra erabiltzeko kanpaina, hondartzetako tabernetan edalontzi berrerabilgarriak sustatzeko egitasmoa, herri-bazkarietan plater berrerabilgarriak erabiltzeko ekimena e.a.

Halaber, SHK-k hainbat irteera antolatuko ditu zuzen-zuzenean hondakinak kudeatzeko sistema ezberdinak ezagutzeko asmoz, horrela azken hilabeteetan Artigaseko zabortegia eta Garbikerren Zornotzako Edukiontzien Gunea bisitatu dituzte. Honez gain apirilaren 5ean Kontseilua Usurbilera joango da atez ateko bilketa sistema ezagutzera eta aurreikusita daukate maiatzean, Zabalgarbiko azpiegiturak bisitatzea.

Kontseilu honen abiapuntua EHBilduk udalean aurkeztu zuen mozio batean dago, eta mozio honek PSEren aldeko bozka jaso zuen.

Auzokideek parte hartzeko aukera

Aipatutako irteeretan (Usurbilera zein Zabalgarbira) auzokideek parte hartzeko aukera izango dute. Autobusa doakoa izango da eta goizeko 07:15ean irtengo da San Pedro eliza aurreko markesinatik. Gogoan hartu bisitan parte hartzeko beharrezkoa dela aldez aurretik izena  ematea sopelakoudalakom@gmail.com helbidean, apirilaren 4an 12:00ak baino lehen, edo autobusean lekua amaitu arte.

66 Ikustaldiak
Partekatu: