azoka

Sopelan bertako ekoizle eta artisauen herri-azoka izango da hilero

azokaHileko bigarren larunbatetan bertako ekoizle eta artisauen herri-azoka izango du Sopelak, Plazaratu elkartearen bidez.

Momentuz 14 postu sortu dira, baina 25 izatea espero dute eta azoka udaletxe plaza inguruan izango da, goizeko 11:00etatik aurrera eguerdira arte.

Herri-azoka honetan ogia, pasta, mermeladak, garagardoak, gazta, artilea, larrua, arropa birziklatua, bisuteria, marrazkiak, betaurrekoak e.a. aurkituko da. Kasu guztietan hainbat ezaugarri bete beharko dira. Alde batetik ekoizleek prozesu agroekologikoa jarraitu beharko dute euren produktuak sortzeko orduan. Beste aldetik artisauek, berriz, eskuz egin beharko dituzte euren produktuak, eta den-denak bertakoak izan beharko dute, Sopelakoak edo eskualdekoak.

“Plazaratu” elkartea Sopelako eta Uribe Kostako hainbat ekoizle eta artisauk osatzen dute eta kideek nabarmendu duten legez, euren helburua “plaza” bat sortzea da, horrek duen esangura anitzarekin. “Espazio bat eman gura diegu produktore eta artisau txikiei euren produktuak saltzeko aukera izan dezaten. Horrela, kontsumitzeko beste eredu bat bultzatzen da, kalitatezko produktuak saltzen diren bitartean. Gainera, “plaza”-ren kontzeptua berreskuratu nahi dugu: herriarentzat topaleku bat sortu, harremanak indartu, zuzen-zuzenean ekoizleagaz harremana izatea…”.

70 Ikustaldiak
Partekatu: