herriko

Madrilen zaude: besarkadarik handiena Pedro.

herrikoHeldu berria nintzen Sopelara eta ez nuen ia inor ezagutzen. Egun horietan Garzonek gure-nire egunkaria itxi zuen: “EGIN” itxi zigun indarrez.

Beste herri batean egiten nuen lan, eta herri hartan egina nuen diru ekarpena egitasmo berria gauzatzeko, horrela bihurtu nintzen GARA izango zenaren “akzionista”.

“Akzioan” Sopelako helbidea eman nuen eta behar zen diru kopurua metatu zenean, Sopelan pintxo eta edari batzuk prestatu ziren ospatzeko. Egun hartan ezagutzen ez nuen batek deitu eta gonbidatu ninduen. Bi lagunek eman zidaten ongi etorria, eta bi lagun horiek, nolabait esateko, Sopelako nire “jendearen artean” aurkeztu ninduten… horietariko bat zu zeu zinen Pedro… agian ez zara gogoratuko, baina nik oso gogoan dut une hori.

Orain Madrilen zaude, “Audiencia Nacional” delakoaren TOP berrian Sopelako Herriko Tabernako arduradun gisa. Dirua bildu genuen GARA sortzeko, eta dirua bildu behar izan dugu makro-epaiketa erraldoi eta zentzugabe honi (hauei) aurre egiteko. Urteak aurrera doaz, herri honek bere hautuak eginak ditu, eta etorkizun berria eraiki nahi du… baina batzuk  behin eta berriro iraganari itzultzen dira; batzuk, errotarri moduan, bueltaka eta bueltaka daude etengabe herri honen ametsak birrintzeko asmoz, gure herriak bere etorkizuna ezin eraiki dezan.

Ez dakit “ongia eta gaizkiaren” gainetik dauden epaile txit agurgarri horiek zer ebatziko duten zutaz eta apaituak izaten ari diren lagun guztiez… baina nik oso argi daukat: eskerrik asko zure lanagatik, eskerrik asko zure diskrezioagatik, eskerrik asko zure ekarpenengatik.

Hemendik, zure herritik, Sopelatik besarkada handia zuri, eta “makro epaituak” izango diren guztiei.

Argazkia ez da ona, baina gau hartan ertzainak Herrikon sartu ziren “inbentarioa” egiteko.

177 Ikustaldiak
Partekatu: