Sopelako jaien aurkezpena

Sopelako jai herritarrak, euskaldunak, parekideak… badatozela!

 

Sopelako jaien aurkezpena

Sopelako Udalak prentsa oharra baten bitartez JAI BATZORDEAk prestatu duen jai egitaraua aurkeztu du. Hona hemen prentsa oharraren edukia. Goian larunbatean jai egitaraua aurkezteko ekitaldian egin zuten argazki herritarra duzue.

Sopelako Jai Batzordeak adin guztiei zuzendutako programa partehartzaile, herrikoi eta berritzailea aurkeztu du. Hainbat hilabetez lanean egon ostean, Sopelako Jai Batzordeak aurtengo jaien egitaraua aurkeztu zuen aurreko larunbatean, ekainak 15. Iaz bezala, Jai Batzordea honakoek osatu dute: Udaleko ordezkariek, herriko elkarteek, koadrilek eta auzokideek.

San Pedro jaiak ekainaren 27tik 30era ospatuko da, eta Karmen jaiak (Larrabasterra), berriz, uztailaren 12tik 16ra. Jaietako egitarauan kultur eskaintza zabala izango dute sopeloztarrek: kontzertuak, antzezlanak, umeentzako jarduerak, lehen mailako kirol jarduerak, ekimen partehartzaileak e.a.

Batzordeak nabarmendu duen bezala, aurtengo erronka adin guztientzako egitaraua osatzea izan da. Horren adierazle nagusia jaietako pregoia izango da, sopeloztarren hiru belaunaldiren eskutik izango baita: Maria Delia Garai eta Amelia Martin, aurten 100 urte bete dituztela, eta Eguzkilore Dantza Taldeko umeek eta euren gurasoek.

 

Jaiek iaz abiatutako jai-eredua izango dute hizpide:

 

– Jai herrikoiak: Jai Batzordeak txalotu nahi du herriko hainbat elkartek, kirol taldek eta koadrilek egindako lana.

– Jai parekideak: emakume eta gizon, neska eta mutilen arteko parekidetasuna sustatu dugu, jaien alderdi guztietan.

– Jai euskaldunak: euskaraz bizi nahi dugu, eta jaietan are gehiago!

– Jai partehartzaileak: sopeloztarrak gara jaien protagonista eta jaietan aktiboki parte hartuko dugu!

Balore horietan oinarrituz, aurtengo jaiak berrikuntzaz beteta datoz:

– Herri-bazkaria geroz eta herrikoiagoa izango da, bai Sopelan bai Larrabasterran: gure helburua adin tarte ezberdinak erakartzea da urtero antolatzen den herri-bazkarian. Jauregizar plazan ospatuko da aurten eta ludoteka zerbitzua egongo da.

– Aurten herri-bazkariak beste berezitasun bat izango du: zero-zabor filosofiarekin bat egingo dugu eta beraz, hauxe eskatuko dizuegu: ekarri zuen etxetik sardexka eta edalontzia!

– Larrabasterran play back lehiaketa mundiala ospatuko da eta gura duten talde guztiek bertan parte hartzeko aukera izango dute.

– Sopelako jaietan familiarteko jolasak antolatuko ditugu, gurasoek eta euren seme-alabek aktiboki jaietan parte har dezaten.

– Larrabasterran, familia-ginaka, karaokea eta skate ikastaroa izango dugu Asanblada Feminista, Peñatxuri eta Ander Deuna Ikastolaren eskutik.

– Larrabasterrako jaiei hasiera emateko, itsasoko izakien kalejira ospatuko dugu: marrazoak, surfistak, arrantzaleak, amarratsak, karramarroak… aukera zure mozorroa eta animatu!

– Larrabasterrako pregoia eta txupinazoa Peña Txuri taldeko surfisten eskutik izango da, sardina-jana herrikoia barne.

Iaz bezala, jai koloretsu eta garbien aldeko apustua egiten dugu, auzokideenganako errespetua eskatuz. Azkenik, jaiak goza ditzazuela espero dugu, herriko kaleak, plazak, tabernak eta txosnak umore onez betez.

Gora Sopela eta Larrabasterrako jaiak!

Jaietako kartelen irabazleak

Programaren aurkezpenean ere aurtengo jaietako kartelen irabazleak nortzuk izan ziren jakinarazi zen.

Umeen kategorian: Mikel Bonmarito.

Gazteen kategorian: Marina Landa / Izaro Lizanasoro.

Sopelako egile baten kartelik onena: Carlos Mezo.

Sari nagusia eta aurtengo jaietako kartelaren irabazlea: Naiara Etxaiz.

Beraz, jaietako kartel lehiaketaren aurtengo irabazlea Naiara Etxaiz izan da, eta 300 euro eta 200 euroko bonoa jasoko du herriko dendetan xahutzeko.

 

Zorionak denoi!

50 Ikustaldiak
Partekatu: