kartela urte bat

BILDUk azken urte honetako balantzea Plazan egingo du

kartela urte batSopelako BILDUk azken hauteskundeak irabazi zituela urte bat pasa eta gero, jorratutako ibilbidearen inguruko balantzea egiteko deia egin du. Sopelako Udaletxe Plazan Batzarra deitu du datorren 22an, ostirala, arratsaldeko 19:30etan.

Deialdia egiteko, Sopelako BILDUk aldizkari bat bidali du etxe guztietara urte honetako balantzea eginez. Aldizkarian hasierako garaiari begirada bota diote. Horretaz gain, parte hartzearen ildoan emandako urratsak nabarmentzen dituzte eta honi dagokionez Udaleko gainontzeko alderdiek duten jarrera higatzailea gogor kritikatzen dute.

Nahiz eta beste alderdiekin dauden tirabirak nabariak izan, aldizkarian urte hauetan PPrekin izan ezik, gainontzekoekin hitzarmenetara heltzeko BILDUk erakutsi duen gaitasuna azpimarratzen dute. Ezkerreko indar politiko izanda, esparru honetan aurrera eramandako ekimenak ere gogora ekartzen dituzte. Hala nola, Sopelan lan istripuz hildako langileen omenaldia, kargu politikoen soldateen % 25eko murrizketa eta beste gaiak azpimarratzen dituzte.

Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Euskara arloetan, Betitxe Saitua zinegotziarekin elkarrizketa dakarte. Bertan arlo guzti hauetan jorratu dituzten ildoak eta bultzatu dituzten aldaketak errepasatzen dituzte. Euskara normalizatzeko egindako apustua, Kurtzio Kultur Etxearen programazioan kalitatearen alde egindako urratsa eta gazteriari begira laster abian ipiniko duten prozezu parte hartzaile berezitua nabarmantzen dute.

Emakumeari dagokionez, arlo honetan egiten diren ekimenetan mezu erreibindikatiboagoa bultzatu dutela aipatzen dute. Azkenik, Hirigintzan eta Udal Zerbitzuetan eguneroko beharrei aurre egin dietela baieztatzen dute eta gainera babes ofizialeko etxeak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin eman beharreko urrats guztiak eman dituztela jakinarazten dute.

Azken egun hauetan hedabideetan Udaltzaingoaren inguruan egon diren berrien gainean azalpenak ematen dituzte, gertatutako gako nagusiak auzokideekin konpartitu nahian. Beraz, urte bat pasa eta gero Sopelako BILDU plazara itzultzen da egindakoari errapsoa emateko eta aurrera begira jartzeko.

173 Ikustaldiak
Partekatu: