Transexualitatearen despatologizaziorako nazioarteko ekintza eguna Sopelan

urritrans

 

Gaur, hilak 29, transexualitatearen despatologizaziorako nazioarteko ekintza eguna egingo dute Sopelan, Gaztehgam-ek, Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak, deitua “Sistemak ez gaitu definitzen!” lelopean.

Gaztehgam-ek iragarri duen bezala, “bere garaian homosexualitatea egon zen bezala, gaur egun oraindik badaude eskuliburu psikiatriakoetan agertzen diren identitate sexualak, hala nola, transexualitatea”. Horren berri emateko eta errealitate hori ezagutarazteko eta eztabaida sortzeko asmoz, nazioarteko ekintza eguna ospatuko dute Sopelako udaletxeko plazan, 18:30etik aurrera. Besteak beste, elkarretaratzea, erakusketa eta ekitaldia izango dira.

Hona hemen Gaztehgam taldearen idazkia…

Sistemak ez gaitu definitzen!

Trans Nortasuna Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Saretik, behin eta berriro egiten dugun moduan, geure nortasunaren psikiatrizazioa salatu nahi dugu. Genero edota nortasun sexualaren nahasketaren —TIG delakoaren— ondorio larriak ere salatu nahi ditugu. Eta, gainera, agerian jarri nahi dugu, indarrean dirauten mediku-prozeduren bidez, pertsona intersexualen aurka gauzatzen den bortizkeria.

Egun, transexualitatea nortasun sexuala zalantzan jartzen duen gaixotasuna da. Horrela ageri da CIE-10ean (Clasificación Internacional de Enfermedades de la Organización Mundial de la Salud) eta DSM-IV-Ran (Manual Diagnóstico y Estadístico de Enfermedades Mentales de la Asociación de Psiquiatría Norte-americana)
Medikuntzak eta Estatuak gaixoak garela esaten dutenean, begi bista dago geure bizitzeko erak haien bizitza-sistema zalantzan jartzen duela. Horregatik diogu, behin eta berriro, gu ez gaudela gaixorik, genero-ikuspegi bikoitza dagoela oker.

Beraz, Transexualitatea Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Saretik, ondoko hau eskatzen dugu:

1.-Ken dezatela transexualitatea buru-gaixotasunen sailkapenetik. Intersex-haurrei tratamendurik ez!

2- Izena eta sexua aldatzeko lege eskubidea, inolako azterketa mediku edota psikologikorik egin gabe. Estatuak ez du gure izenen, gorputzen eta nortasunen gaineko eskumenik izan behar.

3.-Geure gorpuzkera aldatzeko eskubidea burokrazia, lege, politika edota traba ekonomikorik izan gabe. Ikuspegi mediku-psikiatriko zigortzailerik ez!

4.-Lan bermea eta horiek ziurtatzeko berezko politikak. Sexu lana eginez gero, osasun-egoera egokiak eta lana segurtasunez egiteko baliabideak eskatzen ditugu. Polizia-jazarpenarik ez!

5.-Herrialdera etortzen diren trans-etorkinen kasuan, bat-bateko babes politikoa eman diezaieten nahi dugu eta lege berdintasuna luza dakien.

Gogoan hartu, transfobia dela eta, izan diren jazarpen, eraso, hilketa eta suizidio guztiak. Sistema da horien guztien errudun. Isiltasuna konplizitatea delako.

Zurrunegia da gizon-emakume binomioaren ikuspegia. Aukera baztertzailea da, eta beraz, zalantzan jarri behar dena. Gu izateak, gu existitzeak zalantzan jartzen duelako binomio hori. Anitza eta aberatsa da errealitatea. Medikuntzak eta estatuak gaixoak garela esaten dutenean, begi bistan dago geure bizitzeko erak haien bizitza-sistema zalantzan jartzen duela. Horregatik diogu, behin eta berriro, geu ez gaudela gaixorik, genero ikuspegi bikoitza dagoela oker.

Gorpuzkera eta nortasun aniztasunaren alde! Transexualitatea ez da gaixotasuna!

Sistemak ez gaitu definitzen!!

187 Ikustaldiak
Partekatu: