Kontzentrazioa

Enplegua erregulatzeko espediente berri bat jasateko arriskuan daude Sopelako hiru lantegi

Kontzentrazioa

 

 

UKBERRI.NET agerkari digitalak jakinarazi duenez Sopelako Dismodel, Utillajes Galindo eta Jehisa trokelgintza enpresetako langileak, orotara 100 baino gehiago, enplegua erregulatzeko espediente berri bat jasateko arriskuan daude. Eusko Jaurlaritzak noiz onartu zain daude, eta hori gertatzekotan, bigarrena izango litzateke. EEE (ERE) berri hori, lehenengoa bezala, lantalde osoari eragingo lioke.

LABeko ordezkariek diotenez, “espediente berri hau, 6 hilabetez egongo da indarrean, langile bakoitzak horietako 5 jasanez. Hau da, bi espedienteak kontuan hartuta, 10 hilabetez lanik gabe geratzeko bidean daude”. Bitartean, enpresek ez dute beharginekin negoziatu nahi izan, sindikatu abertzaleak salatu duenez. LABen arabera, “enpresetako arduradunek bideragarritasun planik ezin izan dutela aurkeztu diote. Baina, larderiaz esaten dute gaur egun eskaerak atzera botatzen dabiltzala”. Bigarren espediente hori, lehenengoa bezala, “akordio barik” doala nabarmendu dute langileek eta, horri aurre egiteko, txosten bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzan. Orain, Lakuako Gobernuaren erabakiaren zain daude fabrika horietan lan egiten duten lagunek. Beharginen ordezkariek esan dutenez, “Eusko Jaurlaritzak ekintza arduratsu bat egin beharko du, langileon interesak babesteko eta bigarren espediente hau ukatzeko”.
Astelehenean, hilak 19, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean kontzentratu ziren Sopelako Dismodel, Utillajes Galindo eta Jehisa enpresetako langileek, enplegua erregulatzeko espedientearen onarpena ekiditeko asmoz eta asteazkenean, hilak 21, fabriken parean elkartu ziren eta, kotxe-karabana eginez, Sopela eta Urdulizko errepidetatik ibili ziren protestan. Ondoren, lantegietara bueltatu ziren eta bertan egin zuten eguneko azken kontzentrazioa. Borrokan jarraituko dutela adierazi dute, “oraindik ez dagoelako ezer erabakita”. “Zuzendaritzari erakutsi behar diogu ez garela arazoa, soluzioaren partea baizik”, gaineratu dute LABekoek. “Arazoak konpontzeko langileria hartu beharko lukete kontutan beti”, amaitu dute sindikatu abertzaleko ordezkariek. Albistea eta argazkia UKBERRI.NET-en esker.

 

23 Ikustaldiak
Partekatu: