mario1Gaur 29 urte betetzen dira Mario Alvarez Peña euskal militantea hil zenetik.

Etengabe bitakoran agertzen denez, 1981eko martxoaren 17an, gaueko bederatziak aldera, ETAm-ko eledun batek, urduritasun eta samin handiz, honako hau adierazi zion Egin egunkariari: “ETAm-ko kidea naiz. Entzun ondo esango dizudana eta, mesedez, jakinaraz iezaiozu berehala familiari. Mario Alvarez Peña, gure erakundeko kidea eta Daviden anaia, istripu batean hil da. hilotza Barrikako hilerriko atarian dago, manta batek estalia. Arren, esaiozue hau lehenbailehen bere familiari, Sopelan bizi da”.

Alvarez Peña sendiak bigarrenez nozitu zuen heriotzaren zama latza. Lehenik Dabi izan zen, 1978ko urtarrilean, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako ekintza batean. Sugarrez grabatuak geratu zitzaizkion Mariori anaiaren izu irudiak, ospitaleko agonian Goardia Zibilaren aurrean.

Mario Barrikan sortua zen 1955eko uztailaren 24an eta, umezaoran, hiru edo lau urte zituela, Galizian egin zituen denboraldi luzeak aiton-amonen etxean. Oinarrizko ikasketak Plentziako Eskola Nazionalean bete zituen: “Ez zen ona ikasle kontuan -dio lagun batek-, baina marrzten artista zen”. Hamabi urte zituen aita hil zenean, eta beharrean hasi behar izan zuen amari familia aurrera ateratzen laguntzeko, zortzi neba-arreba baitziren. Toki batzuetan ibili ondoren, behin-behineko lana Artekabarra lantegian topatu zuen, galdaragile.

Egoeraren larriak estutzen zuenean, itsasoa beste diru iturria bihurtu zen. Germanchin txalupa, jasotako herentzian Datuan arrantzan aritzeko, tretzan. Anaia biek gauez egin ohi zituzten saioetan lupiak, itsaskabrak, olagarroak eta salmeneteak ziren ohizko harrapakinak.

Marioren zaletasun eremua aldrebes bezain zabala zen. Izorratutako edezein gauza konpontzen trebea eta marrazkilari fina; kirola zen, ordea, hobekien egiten zuena. Sasoi eta kemen handikoa, igerilari ona zen, baina berdin heltzen zion pertikari edo gorputza zailtzen gimnasioan eta karate egiten. Lanetik aterata ere, Mariok beti zuen beharrik etxean. “Bizitzaren arlo guztietan gu geu nahikoa izaten erakutsia zigun atiak, eta Mariok baliatu zuen gehien irakaskauntza hura”, dio arreba batek.

Gazte harroskoa

Astean zeharreko gauzak zituen hauek. Larunbata iristearekin batera, Mario eta lagunen artean Algorta, Plentzia edo Mungiako dantzalekuen giroa nagusitzen zen. “16 edo 17 urte zituela Mario gazte harroskoa zen, Camilo Sexto edo Miguel Riosen kantuekin ibiltzen zirenetakoa, guretzat seko itsusia zena alegia”.

Kezka politikoetatik urrun bizi zen koadrila. Halaxe baiesten dute taldekoek: “politika hortxe zegoen, besterik gabe. Guri bost. Anaiarena jazo zen arte, guk burua neskengan jarrita izaten genuen. Gure elkarrizketetan ez zen sekula politika konturik, eta kontu egin garai hartan Lemoizko zentral nuklearrarena pil-pilean zela Plentzia inguru guztian”.

Daviden heriotza ukaldi bortitza izan zen Alvarez Peñatarrentzat. Bereziki Mariorentzat, 22 urte artean, errudun sentitzen baitzen, “ez baitut orain arte Euskal Herriaren alde ezer egin”.

David hila zela, Zeruko Argian azaldutako elkarrizketa batean mariok Goardia Zibilari leporatu zion heriotzaren errua, zainketa berezien gelan etengabe goardia zibilak egotearen ondorio izan baitzen heriotza. Gorputz militarrari irain egiteaz atxilotua, Basaurin egin zuen denbora bat espetxeratuta. Ordura arte urrunekoa izan zitzaion mundu bati ireki zitzaion Mario. “Euskara ikasten hasi zen, eta gogo handia nabaritzen zitzaion Euskadi-Estatu espainiarra gatazkako giltzarri historikoak jakitekoa”.

Euskara irakaslea zuen Elisabete Barrenetxearekin ezkondu zen, 1978ko maiatzean, eta alaba izan zuten: Garazi. “Izen hura jartzea proposatu nionean -gogoratzen du Elisabetek-, mariorentzat guztiz arrotza zen eta Iparralderaino joan nahi izan zuen herria ikusi eta erabakitzera. Gure herriaren historiarekin zerikusia zuen edozer gauza obsesio bilakatu zen bertzat. Etxera ekarri zuen Documentos Y bilduma, eta eleberria bailitzan irakurri. Galdutako denbora berreskuratzeko premia zuela zirudien”.

Beldur desberdina

“Ausarta” gogoratzen dute lagunek, arrantzara joateko orduan ezelango ekaitzek beldurtzen ez zuena; Elisabete, ildo honetan, zalantzan jartzen hasia da denak ukitzen gaituela beldurrak. “Bere buruarengan izugarrizko konfidantza zuen, apartekoa, eta beldurrik ez zuela esan ohi zuen. Nik ez dut erabat senesten oraindino, baina nolanahi ere hark sentitzen zuen beldurra ez zen besteok sentitzen dugunaren parekoa. Zerbaiten beldur izatekotan, Mario min fisikoaren beldur izan zitekeen. Behin esan zidan ez zuela berriro ere pasatu nahiko 17 urte zituela jasandako oinazea, motor istripu baten ondorioz zangoa galtzekotan izan baitzen”.

1981eko martxoaren 17an Mario erakundeko kide batzuekin zen. Eskuan zerabilen granada batek eztanda egin zuen bat-batean, eta nahiz hasieran zauriek eskuak soilik harrapatu zizkiotela pentsatu, kideek laster ikusi zuten gorputz osoan jo zuela metrailak. Hil hurren, agian anaiak ospitalean pasatutakoak etorri zitzaizkon burura, eta aldameneko kide bati arma kentzen saiatu zen bere buruaz beste egiteko. Lagunek hori eragotzi izan arren, bizirik mantentzeko saiakerak alferrikakoak izan ziren.

 

130 Ikustaldiak
Partekatu: